Mundua gelditu dela baliatuta, Belatxikieta isilpean txikitzen ari dira

Bizitza eten egin den momentu honetan, bada martxan darraienik, bada gure ingurumenean sekulako sarraskia egiten dabilenik. Red Electrica España multinazionalaz ari naiz.

Bai, Gueñes-Itsaso autopista elektrikoaren lanak martxan daude, hainbat herritan jo ta su lanean ari dira, baita Zornotzan ere. Munduak balazta zapaldu duen momentua aprobetxatuz eta denok etxean gauden momentua baliatuz, jendearen arreta deitu gabe, isilean, lanean ari dira, Bizkaiko Foru Aldundiak lanak aurrera eramateko baimena ukatu dietenean.

Otsailaren 28ko Osoko Bilkuran EH Bilduk azaldu bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak  ez zion Red Electrica Españari Gueñes-Itsaso linea elektrikoa egiteko baimenik eman, proiektu horrek saizuriaren -babesturiko espeziea- habiagintzako eremua galtzea ekarriko baitu.

Hori dela eta, Osoko Bilkuran udalari eskatu zitzaion, lanak martxan zeudela jakiten zen momentuan, Bizkaiko Foru Aldundiari abisua ematea eta lanak eteteko beharrezko neurriak hartzea. Alkatetzak dagozkion neurriak hartzeko kompromisoa adierazi zuen.

Batzar horretatik astebete eskasera jakin genuen, Arkotxa-Bediagako auzotar bati esker, lanak martxan zeudela. Hori jakin bezain laster, bertaratu, argazkiak atera eta Udal Gobernuari adostutako neurriak hartzeko eskaera luzatu genion.

Beste bi aste baino gehiago igaro direnean, lanak martxan jarraitzen dute. Lau torretaren oinarriak jada eraiki dituzte, Arkotxa-Bediaga eta Mandabieta inguruan.

Bizkaiko Foru Aldundiak lanak eteteko agindua argitaratu bitartean, Red Electrica España multinazionalak isilean, izkutuan bere txikizioarekin jarraitzen du.

GOI TENTSIOKO LINEA ELEKTRIKOA EZ ZORNOTZAN EZ INON!