Mundua geratu mundua mugitzeko

Materia ez omen da desagertzen, dagoen materia beti berdina da. Materiak ordea, formaz aldatzen daki, solidotik likidora, likidotik gasera, gasetik solidora…bide asko har ditzake eta horrela, batzuetan, desagertu dela pentsatzera heltzen gara.

Bizitzako gauzekin ere antzeko zerbait gertatzen da. Martxoaren 8an greba egin nahi duten gizonezkoekin adibidez. Solidotik gas egoerara pasatzen da indarkeria orduan, eta nekez ikusten dugu. Baina pentsatzen jarriz gero, arnastean, nabari daiteke indarkeria zaporea eta batzuei ez zaigu aire hori sudurzuloetatik sartzen.

Mugimendu feministak grebaren leloan ere ezin izan du argiago utzi zeini zuzenduta dagoen. Hala ere, badaezpada, gizonezkoen papera zein den jakiteko gida labur bat atera dute, esparru desberdinetan emakumeon lanuzteak nola babestu azaltzen da bertan, bai hezkuntzan, bai zaintzan, enpresetan…etxerako lanak eginda, eta fosforitoz markatuta izan arren, batzuentzat oraindik ez da nahikoa. Ezin jasan zerbaitetan lehenengo planoan ez izatea (historia osoan zehar ez dira lehenengo planotik atera eta, ez dakite bigarren maila batean egotea zer den) eta behar beste aldiz esango digute gurekin bat egingo dutela, eta gizonezkoek* ere planto egingo dutela. Baina, indarkeriak forma asko dituela badakigu, eta emakumezkoen lanaren balioa aldarrikatzeko greban, gizonezkoek ere lanuzteak egitea ez al da gas egoerako indarkeria?

Benetan gurekin bat egin nahi baduzu, zaindu zuk umea ostegunean, erosi zuk ostiralerako komuneko papera eta zerealak. Babestu zure lankidearen lanuztea, garbitu zuk leihoak, jarri zuk garbigailua, eskegi zuk arropak. Egin itzazu zuk guk egiten ditugunak, amak, neskalagunak, amonak… emakumeok, ez ditugu egingo eta.

Agian horrela, mundua geratuz, behingoz mundua mugitzea lortuko dugu.