Nafarroako Erriberako produktuak, Zornotzan eskuragarri

errigora-saskiaERRIGORA  auzolanean oinarritutako ekimen herritarra da, eta elikadura burujabetzan pausoak ematea eta Nafarroako Hegoaldeko euskalgintza laguntzea ditu helburu.

Urriaren  21ean, ‘Nafar Hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpaina abian jarri zen.

Honi esker, Nafarroako Erriberako produktuez betetako saskiak Euskal Herriko txoko ezberdinetara hurreratzen dituzte. Kanpaina honetan batutako diru guztiaren %25 eskualde horretako euskalgintza laguntzeko bideratuko da. Aurten: Lodosa eta Vianako ikastolen biziraupenerako; Erriberako AEKrako; eta D eredua Nafarroa osora hedatzearen aldeko ekimenetarako.

Saskiaren prezioa 50€koa da eta, bertan, ondoko produktuak eskuragarri izango dituzue: ardo beltz botila, litro erdiko oliba olio birjina estra botila, melokotoia almibarrean, orburuak, potxak, kardua, mahats zukua, almendrak, ‘pikillo’ piper ontzi txikia eta handia, zainzuriak, melokotoi mermelada eta ‘pikillo’ piper mermelada.

Ekimenak zure interesa piztu badu eta saskietako bat lortu gura baduzue, azaroaren 8a baino lehenago bidali mezu elektroniko bat zornotza@errigora.eus helbidera, zuen izen-abizenak, saski kopurua eta telefono zenbaki bat zehaztuz.

Saskiak ikusgai izango dira Tomasa tabernan eta, urriaren 27an eta azaroaren 3an, Herriko Plazako arkupeetan egiten den Kontsumo taldearen banaketa lekuan, 19:30etatik 20:30etara. Bertan ere izango dituzue eskaera egiteko esku-orriak.

Banaketa Ixerbekoako polikiroldegi ondoko lonjan egingo da, azaroaren 25ean,  18:00etatik 20:00etara.