Nahikoa da! Adierazpen askatasuna!

Berriro gertatu da! Atzo, urriaren 1ean, arratsaldeko 19:00ak inguruan, Zornotzako Zelaieta parkean, Bizkaiko metalaren asteko greba dela eta, pankarta bat zegoen jarrita greba eta langileen alde.

Momentu batean, umeen artetik furgoneta zuri bat agertu zen parke erditik (ez al da arriskutsua?), Ferrovial zegoen jarrita atzeko partean (gure herrian garbiketa egiten omen duen multinazionala). Furgoneta honetatik langile bat irten zen eta lasai-lasai pankarta kendu zuen.

Hori da gaur egun gure herrian gertatzen dena. Udaletxeko PNVren “garbitasunaren” alde, ordenantza baten aitzakian, adierazpen askatasunaren kontrako erasoak sufritzen ari gara herri mugimenduetan ibiltzen garenok, egunez egun. Jadanik, ez dute ordenantza hori errespetatzen eta edozein ordutan kartelak kentzen dituzte, ez bakarrik goizeko 07:30etatik aurrera, arratsaldeetan ere bai. Urte asko daramagu eraso hauek sufritzen.

Nahikoa da esateko momentua heldu da, herri mugimenduko taldeak elkartu gaitezen NAHIKOA dela esateko eta gure lana behar bezala baloratu eta errespetatu dezaten.