Natural-naturala!

EstiEz dago produktu naturala, biologikoa edo organikoa kontsumitzea modukorik gure osasunaz eta ingurumenaz arduratzen garela erakusteko! Eta osagai naturalak daukazala esatea ez da, ez, erreklamo makala! Ez, ez dodaz biologikoa edo organikoa eta naturala kontzeptuak nahastu gura, baina hainbestetan ikusi dodaz batera, bereizezinak dirala uste dodala batzuetan, baina gaurkoan naturalera mugatuko naz bakarrik.

Osagai naturala landare, animalia edo mineraletatik, zuzenean, lortzen doguna ei da, eta sintetikoa, naturan gertatzen ez diran erreakzio kimikoen bitartez gizakiak sortzen dauana. Asko dira modu horretan sortutakoak eta egunero erabiltzen doguzanak, baina susmoa daukat gero eta aurpegi txarragoa jartzen dautsagula “kimika” daroan edozeri, naturala hobea dalakoan.

Lo hartu ezinik, urduri samar, edo azken boladan gauzak ahaztu egiten jakuzala, seguru nago badagoela hori konpontzeko erremedio naturalen bat. Naturala danez, gainera, kalterik eragin ez eta ezelango arazo barik erabili daitekeela be askok pentsetan dabela erizten dautsat… Baina, naturala da!… Askotan entzun izan dot azken boladan. Baita hiltzaile berdea edo Amanita phalloides be, baina makinatxo bat hil da hori janda. Bai, eta egia da be hainbat sendabelarren erabilera aspaldikoa dala eta badakigula ez direla hilkorrak.

Kasu gehienetan, ordea, ez dago testatuta benetan eraginkorrak diren, eta hala dala frogatu danetan, osagai kimikora mugatzen da kontua. Tira, landare osoa barik osagai hori bakarrik hartuta, bardin egingo dogula lo. Beraz, interes ekonomikoak aparte, landareak daukan osagai kimiko horren kopia bardin-bardina laborategian sortzeko kapaz bagara, ez al da bardin eraginkorra izango?

Batzuetan, gainera, hobe laborategian sortzea, askotan ez dakigulako intereseko osagaiaz aparte, zer beste daukan landareak edo dana dalakoak. Loa eragiteko produktu natural nahikoa ezaguna ei da melatonina. Kasu horretan adibidez, melatonina naturalak, alegia animalietatik zuzenean lortzen danak, material birikoa ere euki leike; ez ordea sintetikoak, melatonina puru-purua baita. Zuek erabaki, beraz, zein hartzea komeni jatzuen kasu horretan.

Bestalde, Arnica montana, arnika landarea eta bere moduan beste asko, populazio basatietatik bildu izan da eta oraindik biltzen da Europa osoan; toneladaka, ukendu eta kremak egiteko, hori bai, naturalak. Hori dala eta, gaur egun, espezie hori eta beste hainbat arraro bihurtu dira eta mehatxupean dagoz. Zuek atara ondorioak.

Aurreko adibideetako osagaiak sintetikoak, bai, baina naturan, berez be aurkitu daiketekeezala esango dau batek baino gehiagok, eta benetako arazoa naturan, berez, aurkitu ezin diran horrekaz dagoela. Pestizidak adibide hartuta, sintetikoak naturalak baino kaltegarriagoak direla oso zabalduta dago, beti be euren erabileraren baloraziorik egin barik. Egia da, bai, holako batzuk oso kaltegarriak dirala, baina hainbat pestizida natural beste. Ezin dogu ahaztu be, joandako mendeetan gure biziraupenak gora egin badau gizakiak sortutako osagai kimikoei esker izan dala neurri handi batean.

Dana dala, ez dot nik, naturalaren edo sintetiko, kimiko, artifizial edo dana dalakoaren aldarrikapenik egingo, baltza eta zuriaren artean grisa baino ez dodalako ikusten. Hala ere, gizakiok be naturaren parte baldin bagara, ez daukat oso argi zergatik bakterio, animaliek edo landareek sortzen dabenari naturala esaten jakon eta guk sortzen dogunari artifiziala. Baina tira, norbaitek, behar bada, argituko daust aurrerago. Kontuak kontu, gure esku dago produktua aukeratzea, eta naturala dan edo ez begiratzea, bale, irizpide bat izan daiteke, baina beste hainbat detaile txiki jakitea gehiago eskertuko neuke gustora aukeratzeko. Portzierto, tomate edo arto landarak naturalak ez dirala esango leuke inork?