Niko Moreno: «EH Bilduren jarrera argia da: moratoria bat planteatu AHTren gaineko benetako eztabaida egin ahal izateko»

Abiadura Handiko Trenaren proiektuak herritarren artean kezka eragiten du, besteak beste, ekonomikoki edo ingurumenari begira izango dituen ondorioengatik. Proiektua zertan den eta honen inguruan EH Bilduk egiten duen irakurketaren inguruan mintzatu gara Niko Morenorekin. 

 

 

– Lanen atzerapenak kontuan hartuta zaila edo ia ezinezkoa izango den arren, estimaziorik baikorrenek diote 2019rako martxan legokeela Abiadura Handiko Trena Euskal Herrian. Hala ere, zaila da lanen eboluzioaren inguruko ikuspegi osatu bat egitea. EH Bilduk badauka lanen exekuzioaren inguruko daturik? Jakiterik ba al dago noizko egon litekeen martxan?
Martxan noizko egongo ote den ez da jakiterik, epeak eta aurreikuspenak bata bestearen atzetik gezurtatzen eta luzatzen doaz. Azken aurreikuspena Arantxa Tapia sailburuak eginikoa da, eta optimista izanda, 2023an jartzen du zerumuga. Egun, niri data hori ere ezinezkoa iruditzen zait, Bergarako korapiloaz gain (itzelezko obra dena) hiriburuetako sarrerak zehazteke daude eta. Gainera elektrifikazio guztia falta da, burdin bideak… superestruktura deitzen dena.

Trenak oraindik esleitzeke dagoz, eta hori obraren bukaera gertu sumatu arte ezin da egin.
Nik 9-10 urteko epea jarriko nuke dena ondo joanez gero (ondo proiektuarentzako, jakina). Honi gehitu behar zaio proiektuak oraindik ez duela loturarik ez iparretik ez hegoaldetik ezta ekialdetik ere.

 

– Gauza bera gertatzen da diru kontuekin. Jakin badakigu Lakuako Gobernuak 1.000 milioi baino gehiago aurreratu dituela AHTa egiteko. Ba al dago jakiterik gastatu den orain arte? Kalkulatu al duzue zenbateko kostua izango duen proiektu honek guztira?
Eusko Jaurlaritzak orain arte egindako gastuen berri eman digu txosten batean, baina hiriburuetako sarrerek izugarrizko aldaketa eragingo dute lurpean edo azaletik joanez gero. Nire ustez, egun ezinezko da zenbateko koste izango duen aurreratzea.
– Azken urteotako aldentzearen ondotik, EAJ eta PPren arteko harremana estutu egin da. AHTren proiektua azkartu dezakeela uste duzue?
Argi dago PNVrentzako eskumenak baino lehenago AHTren negoziazioa dagoela, horrek esan gura du bi alderdi horien arteko harremanak ondo joanez gero, AHTren proiektuan dexente nabarituko dela. Orain arte bermeak konpetentzien truke izan bada jeltzaleen eskema, orain bermeak AHT eta eta helegiteak kentzearen truke dirudi.

Hala ere, negoziazio objektua bihurtzeak nire ustez bi ezaugarri nagusi jartzen ditu mahai gainean: batetik, Estatuko Gobernuari dagokionez proiektuaren lehentasunezko izaera kolokan dago, negoziazio tresna soilik azkartu edo mantsotu egiten baitu. Eta bestetik, EAJk ondo neurtu beharko luke zenbaterainoko erakutsi behar duen horrenbesteko interesa, politikoki menpekotasun egoeran kokatzen baita, bai ala bai, proiektuaren giltza Madrilen dagoelako.

 

– Badirudi azkenaldian debatea trenak hiriburuetara sartzeko izango duen modura mugatu dela (Bilbora lur azpitik sartuko den… EH Bilduk berak Gasteizen soterramenduaren kostua erdira murrizteko proposamena egin izan du). Zein da egun EH Bilduk azpiegitura honen gainean hartzen duen jarrera?
EH Bilduk bi arlotan jokatu behar du kontu honekin. Batetik, aurkakotasunetik moratoria eskatuz proiektuaren inguruko benetako eztabaida egin ahal izateko, eta bestetik, egunerokotasunean duen eragina (ekonomikoa zein ingurumenekoa) salatu eta murrizteko. Itsuarena egitea kaltegarri suertatu ahal zaigu eta badira bai ala bai heldu behar diren eztabaidak; Gainera, hiriburuetako sarbideak hiri horietan izango duen eragin urbanistikoa (eta baita ekonomikoa) lehen mailako eztabaida herritarra bihurtu beharko litzateke.

 

– Nafarroari dagokionean, Gobernutik AHTren proiektua azkartzeko dei ugari egin dira. Entzun izan ditugu EH Bildu osatzen duten alderdietako kideetako batzuk AHTren proiektua defendatzen. Nola kudeatzen da egoera hau?
EH Bilduren jarrera argia da: moratoria bat planteatu proiektuaren gaineko benetako eztabaida egin ahal izateko. Eztabaida hori are zailago eta baldintzatuagoa izango da proeiktuak zenbat eta aurrera egiten baldin badu. Horrek ez du kentzen ibilbide politiko ezberdinetatik gatozen kulturek denboran zehar eritzi ezberdinak azaldu izana.

 

– EAEko legealdi honi begira, zeintzuk dira koalizioak AHTren gainean dituen proposamen eta egitasmo zehatzak?
Nagusiena moratoriarena da. Bestea ahalik eta oztopo gehien jartzearena; legalak, normatiboak, prozedimentalak, politikoak… Zentzu honetan eredugarria litzateke Atxondo eta Elorrioko udalek eginiko lana. Ez da kasualitatea oraindik bi herri horietako zatiak oraindik esleitzeke egotea, eta Bergarako korapiloaren klabeak dira proiektua atzeratzeko.

Proiektuari kalte gehien egiten diona atzerapenek suertatutako eragina da, batetik koste ekonomikoak handitzen direlako eta bestetik eginiko obra «zahartzen» delako. Gogoratu dezagun egun badirela 4-5 urte eginak daramatzaten tunel eta biaduktoak…