Noiz arte gora begira?

Duela hiru-lau urte, eztarriko arazoak nituela eta, logopedanera joaten hasi nintzen. Hitz egiten hasi eta berehala esan zidan, emakumeok dagokiguna baino tonu baxuagoan hitz egiteko joera dugula gizonezkoak imitatzeko. Modu honetan, gure hitzak pisu gehiago duela pentsatzen omen dugu. Ezetz esan nion, betidanik izan dudala ahots sendo eta baxu hori eta ez dudala inoiz gizonezkorik imitatu nahi izan. Ikusi ezin dudan arren, hala zela esan zidan, gure “subkontzientziak” egiten duela hori.

Beraz, gora begira eman nituen nire ordura arteko urteak, hala zela jakin gabe.

Aurrekoan, supermerkatuan nengoela, emakume beltz bat zegoen kutxazain. Kontua egiten zebilen bitartean itsututa geratu nintzen berari begira, ederra zen oso: ezpain potoloak zituen, irribarre handia eta hagin zuri-zuriak. Begiak kedarra baino beltzagoak eta barrua zulatzeko moduko begirada. Ilea lisatuta zeukan, baina ileko sustraietatik domina ezinak ziren kizkurrak irteten zitzaizkion halabeharrez.

Logopedak esandakoa etorri zitzaidan burura orduan. Ziur nengoen, emakumeak gustuko zuelako zeramala ilea horrela, baina, ez da kasualitatea emakume beltz askok ile kizkurra suntsitu, eta lisua gogokoago izatea. Izan ere, duela urte asko, zuridunon ilea eramatera derrigortzen zitzaien. Inposaketa horrek ondorioren bat behar du derrigorrez.

Horren adibide garbia da Michael Jackson abeslaria, bizitza osoan zehar zuria izateko ahalegin guztiak egin zituen, ahaleginek heriotzera eraman zuten arte.

Pribilegiodunengana hurbiltzeko modu bat, zapaldu paperetik urruntzeko modu bat da gorantz begira egotea. Bestela, zertarako nekatu sama horretan?

Bizitza osoa daramagu gora begira, eta tamalez, ez da izarrak ikusteko izan.