Ongi etorri, errefuxiatuak

JuanluJoan den otsailaren 7an, “Welcome” filma ikusi ahal izan nuen, Zornotzako Errefuxiatuen aldeko Plataformak gai honen inguruan herritarrok sentsibilizatzeko, antolatu duen programazioaren barruan.

Iraneko Kurdistanen jaiotako gazte baten istorio latza kontatzen da bertan eta, besteak, beste, Europan solidarioa izatea zein zaila den azaleratzen du. Zehazki, Frantziako eta Bretainia Handiko gobernuek jartzen dituzten traba inhumanoak ikusteko eta sentitzeko aukera paregabea izan dugu.

Jende ugari hurbildu da Zornotza Aretora, eta hori benetan pozgarria da. Oraindik, bi pelikula falta dira, otsailaren 14an (District Zero) eta otsailaren 21ean (Terraferma). Seguru interes handikoak direla.

Ohartu behar gara solidario izateak pertsona izaten laguntzen duela eta, alderantziz, insolidarioa izatea despertsonalizatu egiten gaituela. Beldurrak alde batera utzi eta ausartu gaitezen, izan be, solidarioagoak izatea erabat aberasgarria delakoan nago, etorkizunari begira onuragarria, eta ezinbestekoa mundu hobe bat eraikitzeko.