Erabateko gaitzespena Belatxikieta zeharkatuko duen tentsio altuko lineari

Zornotzako Udalak, EH Bilduren ekimenez eta aho batez, “erabateko gaitzespena” adierazi dio Gueñes eta Itsasoko azpiestazioak lotu nahi dituen eta gure herritik ere igaroko litzatekeen 400 kV-ko argindar linearen proiektuari, horren aurrean “modu aktiboan” jarduteko konpromisoa hartuz.

Koalizio abertzalearen ekimenez, martxoaren 31ko osoko bilkuran jorratu zuen Zornotzako udalbatzarrak Gueñes eta Itsaso lotu asmo dituen tentsio altuko linearen proiektua. Aho batez onartutako adierazpen batean, Udalak «erabateko» adierazi zion egitasmoari, zeina gure herritik ere igaroko litzatekeen, eta haren aurrean «modu aktiboan» jarduteko konpromisoa agertu zuen.

Testuan zehazten zenez, goi tentsioko linea hori 400 kV-koa da eta, zirkuitu bikoitzean, Gueñes (Bizkaia) eta Itsasoko (Gipuzkoa) azpiestazioak lotu nahi ditu. Guztira 72 kilometro edukiko lituzke eta 26 udalerritatik pasako litzateke, tartean Zornotzatik. 29 hektarea baso moztu beharko lirateke, gure lurretan 50 eta 70 metro bitarteko hamabi dorre jartzeko.

Europako Batasunak zehaztutakoaren bidetik, mota honetako azpiegiturak gune jendetsuetatik urruntzeko eta baita nekazal ingurua, ondarea eta ingurumen baloreak babesteko beharra nabarmendu zuen EH Bilduk.

Hainbat herritarrek egin bezala, Zornotzako Udalak berak argindar linea honen aurkako alegazioak aurkeztu ditu. Izan ere, onartutako adierazpenean esaten zen moduan, proiektuak «ez baitauka justifikazio nahiko eta onartezinak baitira bere eraginak osasun, ingurumen, jendarte, paisaia eta ekonomiaren ikuspuntutik». Horrexegatik, Udalak dei egin zien inplikatuta dauden erakunde guztiei proiektuarekiko desadostasuna adieraztera.

Azkenik, onartutako adierazpena Gobernu espainiarraren Ingurumen Ministerioari, Gasteizko Legebiltzarrari, Lakuako Gobernuari eta Araba, Bizkaia zein Gipuzkoako Aldundiei bidaltzea onartu zuen Udalak.