Orain presoak! Hamaika sineskeri leihoaren bestalde

Ikastaro politikoa hasi berri dugun honetan, esan daiteke lehengo lepotik dugula zintzilik burua. Betiko mamuak zurrunbilo gisa biraka… Eta guretzako hauetako bat presoen auzia da. Beste behin ere ez da erraza izango agenda politikoan kokatzea eta akaso hagitz zailago panorama politikoaren erdigunera ekartzea.

Eta zenbat eta gehiago luzatu presoen auzia agenda politikotik ateratzen da. Eta agendan agertzen ez dena ez da existitzen. Horregatik, ezin dira banatu gatazka politikoa bera eta gatazka politikoaren ondorioak, biak lotuta baitoaz. Akats larria litzateke hori gertatzea politikoki, eta nolabait, kontakizunaren bataila galtzea litzateke, hots: errelatoa.

Duela egun batzuk bete dira zortzi urte ETAk borroka armatuari amaiera eman zionetik. Errealitateak diosku oraindik orain kartzeletan 258 preso gatibu gelditzen direla, deportatuak munduan barrena zein den euren egoera juridikoa ez dakitelarik. Zortzi urte hauetan agintari politikoen aldetik obsesio hainbat nabarmendu daitezke jarduera armatua gaitzetsi aldera, edota gogoeta autokritiko bat eginez egondakoaz zein giza urraketak aintzat hartzerakoan.

Hasieran “damuketarena” ibili zen bolo-bolo han eta hemen. Ematen zuen hori zela arazoa konpontzeko ezinbesteko “komodina”. Gerora aireratu zuten “barkamenaren” leloa.

Nonbait Elizaren kutsuak indarrean darrai. Hemen ere pentsa zezakeen egindakoaz barkamenik eskatu gabe ezinezko izango genuela ezta kalean ibili ere. Jakina, denboran auziak indarra galduz doaz eta hau ere udazkeneko haizepelak nonbaitera eraman zuen…

Baina ez daude etsitzeko, eta azken hilabeteetan etikaren adiera etxe barruraino sartu zaigu filosofia ikastaro bat bailitzan. Zer den etikoa eta zer ez, jakina euren ikuspuntutik, baina besteok ere geure ikuspuntua dukegu eta normalean eurenarekin talka egiten duena. Denataz hitz egin daiteke eta hitz egin behar da, baina bakoitzak bere ikuspuntua finkaturik.

Hau guztia irakurrita ematen du “bucle” antzeko batean gabiltzala bueltaka bakoitzak bereari irmoki helduta, baina batzuk ez dira nekatzen agendan gero eta eskakizun gehiago idazten presoak bete ditzan, euren aldetik ezer gutxi egiten dutelarik. Horra hor salbuespen legedia oraindik guztiz indarrean dagoelarik, sakabanatuta eta inguru hurbiletik milaka kilometrotara. Hau gutxi balitz oraindik komunikazio ororen interbentzioa dute.

Harrigarria eta sinestezina, duela zortzi urte jarduera armatua desegin zela kontutan hartzen badugu. Hainbatek isolamendua pairatzen dute bere egunerokoa murriztuta dutelarik…

Presoek beregain hartu dute eragindako mina, baina badirudi politiko batzuentzat ez dala nahiko. Ez da inoiz izango nahiko, finean beste gauza bat bilatzen dutelako, hots: geure egitasmo politikoa arbuiatzea, eurena zilegi dela aupatzeko.

Esan genezake presoen auzia blokeatuta dagoela, ezker abertzaleari etengabeko exijentziak eskatuz zein xantaiak eginez. Presio soziala indargabetu behar da, ongietorriak bertan behera utzi edo gehienez lurpean egin “biktimak” ez mintzeko. Ezker abertzaleari bere kontakizuna izan eta plazaratzea ukatzen zaio… Denataz hitz egin daiteke, bai, baina batzuentzat zain dago Audientzia Nazionala.

Bilatzen den gauza bakarra damutzea eta kolaboratzea da. Estatuari inoiz ez zaio ardura preso batek bide juridikoa hartzea ala ez. Hori gutxienekoa da. Estatuak derrotatuta ateratzea nahi zaitu, bai eremu politikoan zein humanoan. Betirako indargabetuta. Horra hor errelatoak duen garrantzia.

Eta lehen bezala, orain ere, gauza dezakegun presio soziala izango dugu lanabesa preso politikoen zein deportatuen auziari konponbide bat emateko. Gure besarkadarik estuena senideentzako.