Osakidetzak Arraibiko eraikinari uko egin ostean, zer?

P1000083Osakidetzak uko egin dio Arraibiko eraikinaren beheko solairuan bulegoak jartzeari eta, hortaz, eraikina osorik izango da Udalarentzat. Bertan, autoenplegua sustatzen laguntzeko asmotan, enpresa haztegi bat ezartzea proposatu du EH Bilduk udalbatzarrean. 

Arreibiko eraikina, osorik, Udalarentzat izango da, Osakidetzak uko egin baitio eraikinaren beheko solairuari ere. Labur azalduta, eraikina Osakidetzarena izan behar zen honek anbulategia egitearen truke, baina ezezkoa eman du orain.

Gainera, azken aurrekontuetan, Udal Gobernuak eraikin honekiko dituen asmoak argi adierazi zituen: berau saltzeko asmoarekin azaldu ziren. EH Bilduk argi eta garbi utzi zuen ondarea saltzearen kontrakoa zela eta, are gehiago, estrategikoak izan daitezkeen eraikinak badaude tartean.

Berez, egoera hau gertatzearen inguruko kezka azaldu zuen koalizioak aurreko agintaldian. Hau da: zer gertatzen zen Osakidetzak ez bazuen sinatutakoa errespetatzen? Sinatutako hitzarmenean eraikin hori baldintza ezinbestekotzat jartzen zen eta bi milioi eurotik gorako operazio batean sartu behar izan zen udaletxea.

EH Bilduk hitzarmen hura onartu zuen, baina ez bere kezkak azaleratu gabe eta ez bere kritika kaleratu gabe. Ez zeukaten Osakidetzak akordioa beteko zueneko bermerik eta inbertsio horretan baldintza horietan sartzea, herrian beste gauza batzuk ere behar zirenean, arriskutsua zela iruditn zitzaien. Orain, eraikin hori kudeatzea egokitu da.
«Baina ezin gara iraganean sartu, nahiz eta honek kasu honetan arrazoia eman. Orain eraikin osoa gurea da eta irteera egoki bat ematean oinarritu ditugu gure ahaleginak», uste du EH Bilduk.

Maiatzaren 30eko Osoko Bilkuran, EH Bilduk bi proposamen luzatu zituen, hauteskunde programarekin bat datozenak eta egingarriak direnak eta, gainera, Udalaren eta gobernu taldearen lerro berean ere doazenak (ez zuten kontrako iritzirik jaso):

Alde batetik, Ongizate Batzordean pisu tutelatu baten beharra aipatu zuen koalizioak.  Eraikin honetan pisu hori egokitzearen aldekoak dira.

Bestetik, Enplegua eta Ekonomia Sustatzeko Batzordean enplegua sustatu nahi dela eta neurrien artean enpresak sortzea/autoenplegua ere aipatu da. EH Bilduren proposamena eraikin honen zati bat (beheko solairua gutxienez) enpresa hazitegi moduan erabiltzea da, Zornotza Lanbide Heziketarekin koordinatuz, autoenplegua sustatu ahal izateko.

Apirilean 1065 langabetu zeuden Zornotzan.  «Ez dakigu zenbat izan daitezkeen onuradunak, baina seguru kopuru hau jeisteko lagungarri izan daitekeela», nabarmendu zuen koalizioak.