Pablo eta Txisturen omenez, memoria

Juanjo LegorburuDuela gutxi bi abertzale haundiren hatsa itzali zen betirako. Pablo Irazabal zornotzarra eta Txistu Barrena gorozikarra. Pablo, gerraosteko garai ilunetan abertzaletasunaren aintzaindari. Txistu, hurrengo belaunaldikoa izaki, aurretik jasotakoaren bultzatzaile kartzela pairatzeraino.

Hitzak sarri eskasak geratzen zaizkigu euren ekarpena plazaratzeko eta utzitako hutsunea azaltzeko, batipat edertasuna eta samina kideko direnean gizakion arteko harremanetan.

Denboran zehar metatzen goazen memoria garenez bizipen zertzelada ugari ditut gordeta sentimenduen haustarrian. Bizitzan gutxik bezala uztartu duzue izena eta izana. Euskara hartzen zenueten “herri” disziplina gisara une oro erabiliz eta kontzientzia politikoaren beharra independentziaren aldeko borrokan.

Herri honek bere askatasunaren alde daroan borrokan errepresioaz edota kartzelaz luze mintza dezakezue zeuon larruetan ondotxo pairatu baituzue, premia izan dauen eginbeharrakoari inoiz ezpaitiozue uko egin. Bizitza txatalak elkarlotzen apartak izan zarete, baina batipat “gu” izatearena oparitu diguzue pertsonon belardian.

Ametseei ilusioa josiz haiek lortzeko ahalegina egin duzuela argiki erakutsi diguzue hesi eta hormatzar ororen gainetik. Zuek utzitako jarauntsi ederra gure artera ekartzea ezinbestekoa zaigu utopiak goldatzen segitzea helburutzat hartzen badugu.

Memoriaz hitzegiten ari garen garai honetan Zornotzako historia txikian aldarri eta mugarri izan diren bi abertzale hauen itzala gorde dezagun lurrari josia.