Pertsonen eta animalien arteko bizikidetza ahalbidetzeko ordenantza

txakurtegia1 Bada denbora animalien inguruko ordenantza baten ideia buruan darabilgula. Duela hilabete batzuk, herrian txakurrak aske izateko gunea ere ireki genuen.

Lehenik eta behin, Txakurgunearen egoera dela eta ez dela, hainbat kexa izan ditugu. Beraz, demanda hauei aurre egiteko gure esku dagoena egiten saiatuko gara.

Bestalde, animalien edukitzea, eta hauen eta pertsonen arteko elkarbizitza antolatua arautuko duen ordenantza garatzeko garaia da.

Are gehiago, uda honetan gure herrian nagusi edo ‘trending topic’ izan dugun gaia kontutan hartuz gero: arkakuso-izurritearena, alegia.

EH Bildutik, argi daukagu Udalaren erantzukizuna dela osasun publikoa zaindu eta aldi berean animaliei zor zaien errespetua, haien defentsa eta babesa bermatzea, interes orokorretara egokituko den orekari eutsiz. Horretarako beharrezkoa da arlo honetan ziurtasun juridikoa jarriko duten arauak zehaztea. Ordenantzak animaliekin izan beharreko gutxieneko arreta edo zaintza arautuko du: tratua, garbitasuna eta elikadura, animalien babesa, erakusketa eta garraioa, eta animalien eta pertsonen arteko elkarbizitza.