Pobreziari aurre egiteko EH Bilduk egindako proposamenaren kontra agertu dira EAJ eta PSE

Iraileko osoko bilkuran adierazpen instituzional bat aurkeztu genuen, pobreziari aurre egiteko Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat konpromiso eta neurri har zitzala proposatuz. Mozioak ez zuen aurrera egin, EAJ eta PSE kontra agertu zirelako. Hemen duzue gure testua oso-osorik, jeltzaleek eta sozialistek zeren aurka bozkatu zuten jakin dezazuen.

Urriaren 17a Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da. Nazio Batuen ‘Muturreko Pobreziari eta Giza Eskubideei buruzko Printzipio Gidarietan’ jasotzen den moduan: “aurrekaririk gabeko garapen ekonomiko, bitarteko teknologiko eta finantza-baliabideen maila duen mundu honetan, eskandalu morala da milioika pertsona muturreko pobrezian bizitzea”. Gure gizarteari ez zaio arrotza “eskandalu moral” hau.

COVID-19aren krisia hasi aurretik, datu eta adierazle gehienek argi erakusten zuten herritarren bizi-baldintzek okerrera egin zutela. Egia da herritarren zati batek Atzeraldi Handia ‘gainditu’ zuela, baina beste zati batek ez zuen egin, eta are garrantzitsuagoa dena, egitetik gero eta urrunago zegoen.

2018an, Euskal Autonomia Erkidegoan 270.294 pertsona ongizate-gabezia egoeran zeuden, duela bi urte baino 40.000 gehiago, eta 130.965 pertsona zeuden benetako pobrezian, duela bi urte baino 8.000 gehiago.

Aurreko guztiari gehitu behar zaio arazo nagusietako bat zela lau familietatik batek ez zuela gaitasunik epe ertain eta luzera bizi-baldintza duinak bermatzeko; gure herrian ehunka mila pertsonak ezin zioten aurre egin ezusteko bati, COVID-19aren krisiak eragindakoa, esaterako.

Bestalde, generoa, adina eta jatorria faktore erabakigarriak dira pobrezia egoeran aurkitzeko. 2008an, benetako pobrezia-kasu guztien % 33,9 emakumeak buru ziren familietan kontzentratzen ziren, eta 2018an, hau da, 10 urte geroago, % 50,6. Adin-taldeei erreparatzen badiegu, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen egoera da azken urteetan gehien okertu dena. Posizio sozial desberdinen arteko ‘igogailuek’ funtzionatzeari utzi diotenez, pobrezia gurasoengandik seme-alabengana heredatzen da; hau da, pobreziak eragin berezia eta erabakigarria du haurtzaroan. Eta, gainera, larri zeuden kolektibo hauek bereziki astindu ditu Covid-19aren krisiak.

Baina pobrezia ez da alderdi ekonomikora mugatzen, Nazio Batuen Printzipio Gidarietan jasotzen den moduan “dimentsio anitzeko fenomenoa da, eta diru-sarreren eta duintasunez bizitzeko oinarrizko gaitasunen falta barne hartzen du (…) muturreko pobreziaren ezaugarri nagusia eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen askotariko urraketak eta elkarri lotutakoak dira”.

Beraz, eman beharreko erantzunak izaera dimentsioaniztuna kontuan izan behar dute pertsona guztien autonomia materiala eta erabateko integrazioa lortzeko.

Batzuek sinetsarazi nahi digute pobrezia arazo pribatua dela, banakako portaeren ondorio “logikoa”. Pobreziaren irauntzak gizarte osoari eragiten dion arazoa da. Arazo publikoa da. Eta, beraz, politikoa.

Azken urteetan gurean pobreziari aurre egiteko ezagutu ditugun politika publikoak trantsizio baten beharrean daude. Urgentziazko norabide aldaketa izan behar du; aurkitzen garen krisia ezin da aitzakia izan, aitzitik, jarduteko pizgarria izan behar du.

Horregatik guztiagatik, Amorebieta Etxano Osoko Bilkuran onartuta*:

1.- Pobreziaren murriztearekin konpromiso irmoa adierazten dugu. Horregatik, honi aurre egiteko beharrezkoak diren neurri ekonomiko, sozial eta fiskalak hartzeko prestutasuna agertzen dugu. Besteak beste, Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak funts propioekin osatzeko konprometitzen gara.

2.- Jaurlaritzari eskatzen diogu premiazko neurriak hartu ditzan gure babes-sistema (DSBE/EPO/GLL) Covid-19aren krisiaren ondoriozko beharretara egokitzeko. Eta epe labur eta ertainera, banakotasunaren, unibertsaltasunaren eta baldintzarik ezaren printzipioetan oinarritutako babes-sistema baten aldeko pausuak eman ditzan.

3.- Gizartean pertsonen erabateko integrazioa lortzeko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zentraltasuna aldarrikatzen dugu. Horregatik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta konpromiso honi atxikitzeko eskatzen diegu gainerako erakundeei. Helburu hau hurrengo urteko aurrekontuen eztabaidan islatuko da.

*Hasieran adierazi bezala, adierazpen honek ez zuen aurrera egin EAJk eta PSEk kontra bozkatu zutelako. Jeltzaleek eta sozialistek testu alternatibo bat onartu zuten gero.