Prekarietatea indarkeria da; bertatik irtetea, gure eskubidea

Zaloa IbeasHauxe izan da aurten LAB sindikatuan, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean, plazaratu nahi izan dugun aldarikapena. Alegia, prekarietatea ere badela egungo sistema kapitalista heteropatriakalak gure aurka erabiltzen duen bestelako indarkeri espresio mota bat.

Egia bada ere prekarietatea langile guztien artean gero eta hedatuagoa dagoen egoera badela. Guretzat, emakumeontzat, ez da fenomeno berria, baizik eta lan merkatuan gure parte-hartzea hasiera hasieratik baldintzatu duen errealitatea. Honen ondorioz, maila batean egoera hauek arruntatzat jotzera eraman gaitu, eta, beraz, normala ez dena edo behintzat inondik inora ez lukeena izan behar normalizatzera ekarri gaitu.

Azken batean, eguneroko bizitzan egoera hauek ikustera ohitu bagara, ez da normala etxeko lanak zein zaintza lanak nagusiki emakumeon erantzunkizuna izatea, edo behintzat, ez luke izan beharko. Eta are gutxiago, egoera hau mantentzeko instituzioek eta enpresek lan munduan planteatzen dituzten bateragarritasun neurriak nagusiki emakumezkoei zuzenduak egotea.

Ez da normala lan merkatuan emakumeak modu orokortu batean lanaldi partzialetara bideratuak izatea, hilabete bukaerara heldu ahal izateko lanaldi partzialeko hainbat lan egitera behartuak egotea, kontratua lanaldi partzialekoa izan baina azkenean lanaldi osoa betetzera derrigortuak egotea, gizonezkoak baino %27 gutxiago kobratzea, 1.200 euroetara heltzen ez diren lansariak jasotzea, askotan lan merkatu araututik kanpo dauden lanbideak egitera derrigortuak egotea… Eta hau guztia errelitatea bada ere, emakumeok pairatzen ditugun egoera hauek guztiak ez dira normalak.

Hala ere, hau ez da kasulitatea. Sistema patriarkal kapitalistak ondo diseinatutako estrategiaren ondorio zuzena da. Sistema honek emakumezkoak prekarietatera kondenatu gaitu, gure burujabetza ekonomikorako eskubidea lapurtuz, menpeko nahi gaituelako. Eta hau erdiesteko indarkeria sexista erabiltzen du bere espresio ezbedinen bitartez.

Orokorrean indarkeria sexista indarkeria fisiko, psikologiko edota indarkeria sexualarekin lotzen bada ere, indarkeria sexista harago doa. Indarkeria sexistak milaka aurpegi ditu eta horietako bat, lan munduan emakumeok jasaten dugun prekarietatea da.

Horregatik ezinbestekoa dugu emakumeok prekarietatearen kontrako borroka horretan lehen lerroan egotea egoera honi aurre egiteko. Gero eta emakume gehiagok argi dugu horrelako egoerak ez ditugula onartuko, indarkeria sexistaren aurpegi ezberdinak azalarazi eta borrokatuko ditugula, prekarietatetik irtetea gure eskubidea delako!

Eta bide horretan ere argi dugu, sistematikoki emakumeon kontra erabiltzen den indarkeriarekin amaitzeko, emakume eta gizonezkoen artean inolako zapalkuntzan oinarrituko ez den eredu berria eraiki behar dugula. Jarrai dezagun ba bidea egiten, kaleak, lantokiak, ikastetxeak, instituzioak eta beharrezkoak ditugun espazio guztiak eraldatuz, bestelako jendarte parekidea eraiki arte.