Roberto Zabala: “Gogorrena nire alaba atxilotu zutenean izan zen, nik sufritutako bera jasan zezakeela pentsatzean”

Roberto ZabalaRoberto Zabala Zamalloa bi aldiz atxilotu zuten (1980ko azaroan eta 1984an) eta guztira 15 egun egin zituen inkomunikatuta. Hainbat tortura mota jasan zituen, besteak beste, “poltsa”, “erruleta”, kolpeak eta mehatxuak. “Martxan zegoen zulatzeko makina bat bular gainean jarri zidaten, eta mehatxatu egin ninduten, hitz egin ezean zulatuko nindutela”, gogoratzen du.

Zabalak, beste sei zornotzarrekin batera, Guardia Zibilak torturatu izana salatu zuen. Horregatik, bederatzi guardia zibil epaitu zituzten. Prozesuak 20 urte iraun zuen eta torturatzaileak zigortu zituzten: hilabete batzuetako espetxealdia eta lau urtez kargutik kentzea. Torturatuei, berriz, 70 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten guztira,  torturapean egindako aitorpenetan oinarrituta.

– Nola izan zen zure atxiloketa?

1980ko azaroaren 20an Igorren atxilotu ninduten, Laboral Kutxako bulegoan, bertan egiten bainuen lan. Bertara heltzerakoan, zain nituen, eskuburdinak jarri zizkidaten eta Amorebieta-Etxanoko kuartelera eraman ninduten. Handik, Juan Jose Larrinagarekin batera, La Salveko kuartelera eraman ninduten.

Azken lekualdaketan kolpeka hasi zitzaizkigun eta hurrengo egunetan torturak areagotu egin ziren. Kuartelera sartu bezain laster, guardia zibilek korridore antzeko bate gin zuten, gu erditik pasatu eta kolpeak etengabeak izan ziren ziegara iritsi arte.

Bigarren atxiloketa 1984an izan zen, etxean, goizaldean. Atxiloketa ez zen bortitza izan eta gure seme-alabak beste gela batera eraman zituzten. Berriz ere La Salvera eraman ninduten, eta bertan adierazi zidaten aurrekoan esan gabe utzitako guztia orduan kontatuko nuela.

– Atxilotu zintuzten unetik hasita, epailearen aurrera eraman arte igarotzen diren egunetan, zer gertatu zen?

Lehendabiziko aldian 10 egun egin nituen inkomunikatuta. Torturak, irainak eta mehatxuak etengabeak ziren. Egunero eta egunean hainbat aldiz torturatzen gintuzten, baita galdeketak ere egiten zizkiguten.

“Erruleta” egiten ziguten, guardia zibilez osatutako borobil batean kolpeka ibiltzen gintuzten alde batetik bestera. Hormara begira jartzen gintuzten, gorputz osoan ostikoak emanez eta lurrera bota eta zapaldu egiten gintuzten.

Bi mahairen artean eskegi ninduten, beso artetik eta lepotik barra batek helduta. Hankak gorantz nituela, haietako batek gomazko tutu malgu batekin oin-zolan jotzen ninduen bitartean, beste batek pipita azalak sartzen zizkidan ahoan. Poltsa jarri zidaten.

Hainbat orduz torturatu ondoren, beste agente batengana eramaten ninduten deklaratzera, eta deklaratzeko ezer ez nuenez edota uko egiten nionez, ziegara eramaten ninduten eta bertan torturek jarraitzen zuten.

Burua kolpatzen zidaten “La Matilde” deitzen zioten telefono-aurkibidearekin. Ilea moztu zidaten. Martxan zegoen zulatzeko makina bat bular gainean jarri zidaten, eta mehatxatu egin ninduten, hitz egin ezean zulatuko nindutela. Barautsa jertsearekin nahasi eta lurrera erosi zen, ez zuten berriz saiatu.

Noizean behin, medikua pasatzen zen eta ubeldurak kentzeko eta hanturak gutxitzek pilulak eta pomadak ematen zizkigun. Gutxi gora behera hamar eguneko ezinegona izan zen.

Bigarren aldian, etxean atxilotu ninduten eta ez dut hain bortitza izan zenik gogoratzen. Hainbat alditan kolpatu ninduten eta poltsa jarri zidaten. Baina nire emazteak Habeas Corpusa eskatu zuen eta kuarteletik atera eta epailearen aurrera eraman ninduten.

Guardia zibilek etxera dei bat egin ahal izango nuela hitzeman zidaten, beraz, epailearen aurrean ez nuen jasandako torturei buruzko ezer esan. Dei hori etxekoei deitzeko erabili nuen, hurrengo egunean epailearen aurrera eramango nindutela abisatzeko. Bost egunez lo egin gabe eduki ninduten. Epaileak Carabanchelera bidali ninduen, eta hurrengo egunean etxera.

– Atxiloaldiak kalte fisiko edo psikologikorik eragin dizu?

Bai, denbora-tarte batez berriz berdina gertatzeko beldurra izan dut.

Agian, izan dudan esperientziarik gogorrena, urte batzuk beranduago, nire alaba atxilotu zutenekoa izan da. Izan ere, momentu hartan, berak nik sufritutako oinazealdi bera sufri zezakeen.

– Atxilotuta egon ondoren kartzela zigorra jasan al duzu?

Bai, 6 hilabete eta egun batez egon nintzen espetxean.

– Ze testuingurutan kokatzen duzu zure atxiloketa eta inkomunikazio aldian sufritutako guztia?

80ko hamarkadan egondako gatazka politikotik eratorritako garai aztoratuan kokatuko nuke. Alde bietako konfrontazioa oso gogorra zen. Garai hartan, Zornotza asko sufritu zuen herria izan zen.

– Paco Etxeberriak eta bere lantaldeak azken 50 urteotan Euskal Herrian izandako milaka tortura kasu bildu dituzte ikerketa batean. Zer iritzi duzu lan horren harira?

Positiboa da. Paco Etxeberria bezalako pertsona prestigiodun batek nahiz bestelako profesionalek (medikuak, psikologoak, etab.) milaka tortura kasuak ikertzeko eta argitara ateratzeko erakutsi duten interesa eta egiten ari diren lana oso garrantzitsua da.

– Iaz, ‘Torturaren Aurpegiak, Berriro Inoiz Ez‘ ekimenaren baitan, Zornotzako hamarnaka bizilagunek torturatuak izan zirela salatu zuten. Alabaina, jakin badakigu torturak pairatu dituzten zornotzarrak askoz gehiago direla, publikoki aitortu ez duten arren. 50 urte luzez sistematikoki erabili dute errepresio metodo anker hori milaka eta milaka euskal herritarren kontra. Zure ustez zer egin beharko litzateke torturarekin amaitzeko eta torturatu gehiagorik izango ez dela bermatzeko?

Nire ustez, batez ere, hiru neurri dira beharrezkoak: terrorismoaren aurkako legea indargabetzea, konfiantzazko abokatu eta mediku bat izateko eskubidea aitortzea eta atxiloketa prozesu osoa kamera bitartez grabatua izatea.