RTVEren zuzendaritzak EH Bildu isilarazi nahi du

rtveNahiz eta EH Bildu Kongresuko bosgarren indar politikoa izan (ordezkari kopuruari dagokionean), berriz ere eztabaida eta debateetatik baztertu du RTVEko zuzendaritzak.

 

 

Gainera, Hauteskunde Batzorde Zentralak atzera bota du RTVEren zuzendaritzaren hasierako proposamenari EH Bilduk aurkezturiko helegitea. Hau da, zortzi talderen arteko eztabaida formatuari aurkeztu genioen helegitea. Orain, zortzi ez baina, bederatzi talderen arteko eztabaida antolatzea erabaki du RTVEren zuzendaritzak. Alegia, CiUri zegokion denbora banatu eta eztabaidan Unióri leku egitea erabaki du. RTVEren zuzendaritzak hasierako bere irizpidea ere urratu du. Unió ezin da alderdi “garrantzitsutzat” jo, besteak beste, Kataluniako Parlamentuan ordezkaritzarik ez duelako.

RTVEk Talde Mistoaren parte hartzea ukatu zuen (Kongresuko hirugarren talde parlamentarioa eserleku kopuruari dagokionean) arrazoi informatiboak argudiatuz. Bederatzi talderen arteko eztabaida ez omen zen komenigarria telebistaz emititzeko. Orain, ordea, bai.

Eskandalagarria eta lotsagarria da EH Bilduren aurkako betoa. RTVEren zuzendaritzaren helburua EH Bildu eta, beraz, euskal subiranismoaren ahotsa isilaraztea da. Adierazpen askatasunaren eta pluraltasun politiko eta neutraltasun informatiboaren printzipioaren aurkako erasoa da.