Saioa Agirre: “Biluzik izan ninduten, ukituak egiten zizkidaten eta ni hiltzeko desiratzen zeudela esaten zidaten”

Saioa AgirreSaioa Agirre Arauko 2010eko apirilaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak Sopelako eskolan, hiru urteko haurrekin lanean zegoela. Bost eguneko inkomunikazio aldian torturatua izan zen eta emakume izateagatik sexu-erasoak eta umiliazioak pairatu zituen.

“Biluzik jarri ninduten, gorputz osoan ukituak egin zizkidaten eta beraiek entzun nahi zutena esaten ez banuen, kolpatu edota hormaren kontra botatzen ninduten”, gogoratzen du.

Egun epaiketaren zain dago. Fiskaltzak zazpi urteko espetxe-zigorra eskatzen du Saioarentzat, torturapean egindako deklarazioa oinarri hartuta.

– Nola izan zen zure atxiloketa?

Eguerdiko 12:55ean atxilotu ninduten Sopelako eskolan, hiru urteko haurrekin lanean nengoela.  Umeen aurrean ez atxilotzeko eskatu nien eta ikasgelatik atera nintzen. Jarrera bortitza izan zuten, eskolatik atera, kotxe batean sartu eta eskumuturrak soka batekin lotu ostean La Salvera eraman ninduten.

Handik denbora gutxira kaputxa jarrita zeukaten beste guardia zibil batzuk nire bila etorri eta nire etxea miatzera joan behar genuela aipatu zidaten. Burua makurtuta atera ninduten handik; egun luze horietan burua makurtuta izan nuen bezalaxe.

– Atxilotu zintuzten unetik hasita, epailearen aurrera eraman arte igarotzen diren egunetan, zer gertatu zen?

Zornotzan, Ertzaintzak askoz jarrera bortitzagoa izan zuen Guardia Zibilak baino. Miaketetan, komunera joateko emakumezko ertzain bati deitzen zioten, sartzen ginen bakoitzean oldartu egiten zen, hormaren kontra bultzatu… Kalean, senide eta lagunek ere irainak eta mehatxuak jasan behar izan zituzten kalean zeuden ertzainen ahotik.

Zornotzatik Bilboko epaitegira, auzitegiko medikoarengana eraman ninduten. Lunbalgia eta txiza infekzioa diagnostikatu zidaten. Hasieran ezezkoa esan zidaten arren, erietxera joateko baimena lortu nuen.

Basurtuko ospitaletik atera ostean, La Salvera bueltatu ginen. Begiak estalita, kotxe batean sartu eta Madrileko bidea hartu genuen. Orduan hasi ziren oihuak eta mehatxu etengabeak. Madrilen gorriak ikusiko nituela esaten zidan batek. Aire egokitua topera jarrita zeukaten, eta aurpegian jotzen zidan bidai osoan zehar.

Goizean goiz Madrilera iritsi ginen. Kotxetik atera, eta ziega hotz, ilun eta zikin batera sartu ninduten. Lehenengo egunean sarritan atera ninduten ziegatik: hatz markak, argazkiak, ADN frogak… ez nuen ezer sinatu.

Lehenengo egunean mehatxuak pairatu eta gero, goizaldean ohetik bortizki jaiki ninduten. Hormaren kontra jarri, antifaza jantzi eta arrapaladan beste gela batera sartu ostean, lauzpabost guardia zibilek inguratu ninduten. Galderak egiten hasi ziren eta nire burua kolpatzen zuten bitartean. Ni biluzten hasi ziren, baina ez nienez uzten, haietako batek sekulako zaplaztekoak eman zizkidan aurpegian.

Behin biluztu nindutenean eta komentario nazkagarriak egiten zituzten bitartean, gorputz osoa ukitzen zidaten, etengabe aritu ziren irainka eta gorputz osoan atximurka. Handik gutxira beste guardia zibil bat sartu zen gelara, nagusia omen zen, eta galdeketak egiten zizkidan.

Hura joatean, beste bi guardia zibil gainera bota zitzaizkidan eta jotzen hasi ziren, haietako batek bere nahia ni akabatzea zela esaten zidan jotzen ninduen bitartean. Flexioak eginarazi zizkidaten, baita ariketa fisiko ezberdinak ere. Ariketa horiek egiten nituen bitartean, bi guardia zibilek oihuak egiten zizkidaten, bakoitzak belarri batera.

Beraiek entzun nahi zutena esaten ez banuen, kolpatu edota hormaren kontra botatzen ninduten. Ariketek luzaroan jarraitu zuten, buruan poltsa bat jarrita nuela eta guardia zibil batek, poltsa barrura kea botatzen zuen bitartean.

Nagusiarekin galdeketak egiten zizkidan eta ondoren berriro flexioak, erasoak, kolpeak eta oihuak etenik gabe. Arnasa hartzea kostatzen zitzaidan eta gorputzak jada ez zidan erantzuten.

Ondoren deklarazio poliziala prestatu genuen. Jakina beraiek nahi ez zutena esaten banuen berriro ere hasten ziren nire kontrako oihuak eta mehatxuak. Epaileari tratu txarren berri eman nion, deklarazio polizialean niganako izan zuten jarrera bortitza kontatuz. Haien aurrean esandakoa egia ez zela esan nion, eta deklarazioa sinatu nuen.

– Atxiloaldiak kalte fisiko edo psikologikorik eragin dizu?

Bai. Ondorio fisiko eta psikologikoak nire bizitzako aspektu askotan izan ditut. Loan eragin didate (amets gaiztoak izaten ditut) eta bizitzako harreman pertsonal ezberdinetan ere eragin nabarmena izan dute.

– Nola bizi izan zuten zure atxiloketa zure senide eta lagunek?

Egun, gertatutakoak nola eragiten dien ikusteko aukera daukat. Beste kontu bat da sasoi hartan nola bizi izan zuten. Inkomunikazioa eta gero espetxeratu ninduten, eta egun batzuk pasa arte ez nuen etxekoekin egoteko aukerarik eduki.

Gurasoekin egoteko parada izan nuenean, 40 minutu eskas eta kristal bat tarteko, mila bizipen, sentipen eta beldur sentitu nituen nire barnean. Elkarri lasaitzen saiatu ginen. Aita eta ama ere torturatuak izan dira eta bost egun luzez alabari beraiei egindako berdina egiten ibiliko zirela pentsatzeak zer izan behar duen kontuak atera.

– Atxilotu eta inkomunikatuta egon ostean, kartzelan sartu zintuzten. Orain aske zaude. Baina, zein da zure egoera?

Bai, ia 10 hilabete egin nituen espetxean. Egun, nire aurkako eskaera fiskala 7 urtekoa da eta epaiketaren zain nago.

– Ze testuingurutan kokatzen duzu zure atxiloketa eta inkomunikazio aldian sufritutako guztia?

Atxiloketa baino lehen, gertakari politiko ugari ematen ari ziren: ‘Zutik Euskal Herria’ estrategia politiko berriaren aurkezpena, epaiketa politikoak, amnistiaren eta euskal preso politikoen eskubideen aldeko edozeinen aurkako oldarraldiak…

Gure atxiloketa azken puntu horretan kokatuko nuke. Izan ere, atxiloketek, orohar, gatazkaren konponbiderako ematen diren pausuak oztopatzeko helburua dute.

– Paco Etxeberriak eta bere lantaldeak azken 50 urteotan Euskal Herrian izandako milaka tortura kasu bildu dituzte ikerketa batean. Zer iritzi duzu lan horren harira?

Aitortza, prebentzioa eta erreparazioa estuki lotuta daude. Tortura, beti ezkutatu nahi izan den errealitate gordina da. Egia jakitea ezinbesteko aldagaia da, eta hor kokatzen dut Paco Etxebarria eta bere taldearen lana. Ondorioz ezinbestekoa, baliagarria eta positiboa iruditzen zait egindakoa. Lehen aldia da Eusko Jaurlaritzak mota honetako ikerketa bat babesten duela; hori ere zerbaiten hasiera dela pentsatzea gustatuko litzaidake.

– Iaz, Torturaren Aurpegiak, Berriro Inoiz Ez ekimenaren baitan, Zornotzako hamarnaka bizilagunek torturatuak izan zirela salatu zuten. Alabaina, jakin badakigu torturak pairatu dituzten zornotzarrak askoz gehiago direla, publikoki aitortu ez duten arren. 50 urte luzez sistematikoki erabili dute errepresio metodo anker hori milaka eta milaka euskal herritarren kontra. Zure ustez zer egin beharko litzateke torturarekin amaitzeko eta torturatu gehiagorik izango ez dela bermatzeko? 

Torturarekin amaitzeko ezinbestekoa da Lege Antiterroristarekin eta inkomunikazioarekin lehenbailehen bukatzea.