Saioa Agirrek jasandako tortura eta sexu-erasoen kasuan, EAJren Udal Gobernuak beste aldera begiratu du

Ainhoa Salterain eta Andoni Agirrebeitia Berdintasun Planaren aurkezpenean.

Andoni Agirrebeitia alkatea eta Ainhoa Salterain Berdintasun zinegotzia ez dira gai izan torturak eta sexu-erasoak sufritu zituen Saioa Agirreri babesa emateko adierazpen instituzionalik egiteko edo elkarretaratzerik deitzeko. Akaso EAJren Udal Gobernuak pentsatzen du ez direla indarkeria matxista mota guztiak salatu behar?

 

Saioa Agirre Arauko zornotzarra 2010eko apirilaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak Sopelako eskolan, hiru urteko haurrekin lanean zegoela. Bost eguneko inkomunikazio aldian torturatua izan zen eta emakume izateagatik sexu-erasoak eta umiliazioak pairatu zituen.

Hamar bat hilabete eman zituen kartzelan eta 2021eko uztailean epaitu zuten Auzitegi Nazionalean, 13/13 sumarioaren baitan, beste sei euskal herritarrekin batera. Joan den apirilean atera zen ebazpena eta absolbitu egin zuten.

12 urte horietan guztietan, EAJren Udal Gobernu ezberdinek beste aldera begiratu dute eta bakarrik utzi dute torturak eta sexu-erasoak jasan dituen emakume zornotzarra. Andoni Agirrebeitia alkateak eta Ainhoa Salterain Berdintasun zinegotziak badituzte bitartekoak indarkeria matxista kasuak salatzeko eta biktimari Udalaren laguntza eskaintzeko, baina Saioaren kasuan, ez dute adierazpen instituzionalik egin, ezta kontzentraziorik deitu ere.

Areago, Saioaren aldeko ekimenak oztopatzen aritu dira azken urteetan. Horren erakusgarri da, adibidez, Zornotzako Mugimendu Feministak Saioari babesa adierazteko eta indarkeria matxista salatzeko herrigunean egin zuen murala ezabatu izana.

Zergatik jokatu du EAJren Udal Gobernuak horrela? Zergatik isiltasun konplize hori bizilagun batek jasandako torturen eta sexu-erasoen aurrean? Erasotzaileak guardia zibilak direlako? Biktimaren ibilbide politikoarekin bat ez datorrelako? Ez al dira indarkeria matxista mota guztiak salatu behar?

Martxoaren 8an, azaroaren 25ean, hauteskunde-kanpainetan… Txapa morea jantziko dute eta Mugimendu Feministaren ondoan mobilizatuko dira, baina Andoni Agirrebeitia alkateak eta Ainhoa Salterain Berdintasun zinegotziak sinesgarritasun guztia galdu dute.

Amaitzeko, ez dezagun ahaztu Saioa torturatua eta bortxatua izan zela, eta orain, 12 urteko prozesu judizial batean ostean, errugabea dela aitortu eta libre utzi badute ere, inork ez duela eragin zioten sufrimenduagatik ordainduko, bere erasotzaileek inpunitatea dutelako. Saioa indarkeria matxistaren eta indarkeria politikoaren biktima da eta erakundeek bakarrik utzi dute, tartean Amorebieta-Etxanoko Udalak.

Saioaren kasuarekin gertatu dena oso larria da eta agerian utzi du EAJk hainbeste aldarrikatzen duen “zoru etikoak” arrakalak dituela. Bizikidetza sendotzeko eta indarkeria matxistarekin amaitzeko urrats asko eman behar dira eta bide horretan ezinbestekoa da Amorebieta-Etxanoko Udal Gobernuak jarrera erabat aldatzea.