Saioa eta elkartasuna

Ez da dohainekoa iragana, ez behintzat independentziaren aldeko borrokan dihardugunontzat. Indarrean dauden Estatuak ez dio bakean uzten Estatu berri bat eraiki nahi duen herri horri, eta horretarako, aldian aldiko, legedia aplikatzen dio. Salbuespeneko tribunalek bere horretan diraute ezer aldatu ez balitz…

Beste behin ere herritar bat auzipetuko dute, nahiz danbor hotsak, batzuen aldetik, aspaldi ixildu, nahiz elkarbizitza leloa egunero ahotan erabili. Baina errealitatea bestelakoa da, eta ozen esaten digute iragana ordaindu beharreko gauza dela, nahiz horretarako froga nahikorik ez egon, nahiz maitasuna heleraztea inoiz delitu ez izan.

“Guztia da ETA” doktrinaren pean atxilotu zituzten hainbat herritar euskal preso politikoei elkartasuna adierazteagatik. Maitasuna hormatzar eta hesien gainetik helerazteagatik eta, funtsezkoena dena, gatibu dagoenari herri mamiarekin elikatzeagatik.

Hori al da delitua? Ez da demokrazia kontu bat, ez da zilegi edo ez deneko kontu bat. Finean Estatu menperatzaile batek bere atzaparrak ondo zorroztuta izaten ditu eta salbuespeneko legedia aplikatzen du, behin eta berriro, bere larmintzean urradura sentitzen duenean.

Saioa Agirre Arauko herrikidea auzipetuko dute oraingo honetan beste euskal herritar batzuekin batera, uztailaren 12an hasiko den epaiketan.

Elkartasuna eta maitasuna barruan dagoenarekin saretzeagatik tortura eta tratu basatia jasandakoa izan zen Saioa eta badakigu horrelako bibentzia batek lorratz eta zauri sakonak uzten dituela pertsonarengan. Ezin izaten da ahaztu eta eldarnioak kolpa zaitzake behin eta berriro loa galaraziz eta egunerokoa guztiz baldintzatuz.

Epaiketa oso berandu dator, urte asko igaro direlako diligentziak zabaldu zirenetik eta une honetan pertsona bakoitzaren errealitatea guztiz desberdina izan daiteke. Saioa bi haur txikiren ama da, horrek dakarkionarekin. Akaso haurrak utzi beharrean aurkituko da, une lazgarria benetan.

Lanbidez ikastola publikoko irakaslea da eta horrelako testuinguru batean lana bera ere galzorian izan dezake epaiketak ondorioak baditu; beraz, egoera gorabeheratsuari aurre egin beharko dio.

Datorrena datorrela, Saioari esango genioke bera egon behar dela indartsu datorkion egoera latzari aurre egiteko. Berak berarengan metatu behar du konfidantza, epaiketa ahalik eta lasaien hartu ahal izateko. Herriari dagokio berarekiko elkartasuna adieraztea, indarrak batzea eta auzia kaleratzea, beste behin ere inposatu nahi duten bidegabekeria argi ikus dadin.

Maitasuna ez dago salgai, are eta gutxiago herrikide bat kartzelako atakan egon daitekenean. Maitasuna, horixe bera helerazten diogu Saioari eta bere familiari.

Herri honek ez du txertorik kartzela ekiditzeko, baina bai bere herrikidea babesteko, bere auzia plazaratzeko eta indar guztiz esateko berak egindakoa besteok ere egin egingo genuela, eta harro gainera.