Saturnino Frutos: “Pistola bat jarri zidaten eskuan eta ‘abestu’ ezean nire hatz-markekin epaileari emango ziotela esan zidaten”

Saturnino Frutos zornotzarra Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu zuen 1984ko maiatzean. Hainbat egunez inkomunikatuta egon zen La Salven, Burgosen eta Madrilen. Carabancheletik igaro ostean aske geratu zen.

Hauxe da bere testigantza:

“Etxean atxilotu ninduten, goizean. Mendira eraman ninduten; etengabe kolpekatu eta akitu arte ariketak egitera behartu ondoren, pistola bat eskuan jarri eta esan zidaten ‘abestu’ ezean nire hatz-markekin epaileari eramango ziotela, bizi guztirako giltzaperatu nintzan”.

“Beldur handia pasa nuen bolada batean. Lanaren ondoren, gauez, lagunen batek laguntzen ninduen etxera. Kalez jantzitako guardia zibilek ‘bisitak’ egiten zizkidaten lantokian eta mehatxatu egiten ninduten. Telefono bidez ere jaso nituen mehatxuak”.

1960 eta 2014 urteen artean EAEn izan diren tortura eta tratu txarrei buruzko txostenari buruz, Saturrek espero du halakorik inoiz gehiago gerta ez dadin balio izatea.

“Aurkeztu den txostena positiboa da, baina nahiko berandu iritsi da. Ona izango bada, gertakari horiek inoiz gehiago gerta ez daitezen beharrezko neurriak hartu beharra dago”.

Era berean, uste du “transmisioa oso garrantzitsua” dela, “belaunaldi berriek hemen gertatutakoaren berri izan dezaten”.

 

 


 Paco Etxeberria Gabilondo auzi medikua eta torturei buruzko ikerketaren zuzendaria:

“Edozein hizkuntza eta hiztegitan, ez dago hitzik torturatua izaten ari den pertsona batek sufritzen duena adierazteko”.

 

 

Martxelo Otamendi Egiguren Euskaldunon Egunkariko zuzendari ohia eta egun Berria egunkariko zuzendaria:

“Bost egunez egon nintzen inkomunikatuta. Horietako hiru zutik eta hormara begira izan ninduten. Laupabost ordu igarotzen zirenean, 20 minutu ematen zizkidaten koltxoi baten gainean etzateko, baina lorik egin gabe”.