Si te mandan una carta…

Intsumisioaren aldeko protesta, Iruñeko kartzela zaharrean, 1995ean. Argazkia: Berria

Ze erreztasunarekin heltzen zaigu nagusitasunaren legezko adina. Norberaren asmoak era zabalenean gauzatzeko ezartzen diguten eta ustez lehena eta oraina markatzen digun epe totemikoa. Garai aktibo eta oparoa, guztira edo apurrera ailegatzeko bidea erakusten digun talaia atenporala. Ez dago sorabiatuko gaituen bertigoaren arrastorik, ez eta norberaren bizitza kolpatu dezaketen gutunen beldurrik. Baina egon, egon ziren.

Adin bat dugunoi gero eta gehiago lausotzen zaigu oroimena, egindakoen ondoezak beste alde batera begiratzera behartuko bagintu bezala. Bai, garai haietaz ari naiz, insumisioaren aldeko manifek Astepeko auzorarte eramaten gintuztenetakoak, musika, antzerkia eta pitoak tarteko. Berdeen koartelaz aparte, ordurako txapelgorrien oldarraldiak “normaltasunez” pairatzen genituen ia hilabetero. Beti zegoen zer ald(h)arrikatu, zauriak eta irriak kalean partekatzen genituen, baita negarrak eta ilusioak ere.

Itsutzen gintuen gatazkaren amaraunak bizi ardatzak bihurrituezin bihurtzen zituen, baltz edo zuri, ez zegoen bitartekorik, honi ez eta hari ezta, guk hemendik, zuek hor konpon.

Horrenbestekoak ziren tximaluze antimilitarista haietatik urruntzen gintuzten arrazoiak, arrazoi militarrak hain zuzen. Denboraren eta jende askoren bultzada, borroka eta pazientzia dosi askoren ondorioz, bideratu zen idatzi gabeko arrazoizko planteamendu amankomun bat. Tabernetan batzen ginen soldaduzkatik etorritakoak, objetoreak, insumisoak eta ikasteko prorrogak “penaltietara arte” luzatzen genituenak ere. Urteak pasa ziren, askok espetxeetatik ere, aukera baiezkoa ala ezezkoa bilakatu zen arte, ez zegoen erdibiderik. Akaso arrazoiek ezberdintzen gintuzten, baina ez helburuak.

Hiru hamarkada luze joan dira insumisioaren ibilbidearen hastapen baldar eta itxaropentsu haietatik, 22 urte bete dira otsailean Unai Salanueva gazte naparra bere buruaz beste egitera behartu zutenetik.

“Jausi nintzenean, lurrean, odolezko putsuan; toki okerretik, lehiotik, lagunen altzora” abestu genion laguntalde batek “Lortu arte” izenburua zeraman kanta batean. Eta lortu zuten, lortu genuen. Norberaren bururako gelditzen dira orduko mesfidantzak eta eztabaidak. Autokritikarako garaiak ere joanak dira, baina ez genioke egiari mesederik egingo ibilbide hura perfektua bezala irudikatuko bagenu, sekula ez da horrela izaten. Insumisioaren aldeko borroka ez zen berez etorri, lortutakoa ez zen inoren eskuzabaltasunaren ondorio izan, soldaduzkari EZ esateko eskubidea irabazi egin zen.

Desmilitarizazioa ordea ez dago horren gertu. Tamalez euskal lurra trikorniodun gune berdez beteta jarraitzen du. Europan biztanleko ezartzen diren polizien batazbestekoetan ez daukagu parekorik, hauei militarrak eta bestelako informazio serbitzuetan (CNI…) dabiltzanak gehitu behar zaie. Altsasu, Amurrio, Cabacas… Badira oraindik militarizazio ideologikoaren logikarekin dabiltzanak. Bada beraz erronkarik, baditugu sistema higatzen jarraitzeko hamaika arrazoi. OSPA!!

Jadanik Correosek ez digu aparteko sustorik ematen, fakturak edo Amazonekoen errakuntzaren bat ez bada. Baina ez ditugu motiborik falta sargentua piloira botatzeko. Iluminatutzat jotzen genituen haiek irrifarrez hartzen gaituzte hontaz mintzatzerakoan, kosta zitzaigun elkarren artean eraikitako hezi ikustezin haiek gainditzea. Lagun bati esan bezala, gizartearen mesedetan planteatzen diren iraultza txikienak ere, gutxiengo batek bideratzen ditu. Biba zuek.

Baraualdi ideologikoa nagusi den garai korapilotsu honetan, eta zuen ondarea oharkabean gozatzen  dabiltzan gazteei erreparatuz, udaberria datorkigu?? Hala bedi.