Sinesten dut

Idoia ZuloagaAgian Aste Santua ez da fede kontuez jarduteko sasoirik egokiena, batez ere fedebako bat bada ari dena, baina, egia esan, oraingo Aste Santua ez da lehengoa lakoa. Telebista piztu eta Ben Hur eta antzekoak edo meza besterik ikusten ez genuenekoa; mahairatu eta okela zantzurik ere ez; tabernak ere ixten zirenekoa. Sinestedunek eurek ere bestela bizi dute egun Aste Santua.

Dena den, ez dut ohitura aldaketen gaineko hausnarketa helburu, jainkoen izenean egiten direnak baino. Jainkoaren, zein Alaren, zein bestelakoenean.

Inkisizioaz luze egin liteke berba; baita Ameriketan Jainkoaren izenean burututako sarraskiez ere. Denboran hurbilago Videlak, Pinochetek zein Francok egindakoak elizaren beraren bedeinkaziorekin. Azken urteotan, ordea, Alaren izenean izan dira Europan hainbat sarraski, Madrilen, Londresen, Parisen…azkenak Bruselan bertan, Europar Batasunaren “bihotzean” bertan.

Argi baino argiago dut herri garatuek garapen bidean dauden herrietan izandako jokabidea dagoela guztiaren oinarrian. Herri horietako lehengaien jabe izateko lurraldeetan inon ez ziren mugak ezarri dituzte, eta buruzagi txotxongiloak boterean jarri, besteak beste, beti ere euren interesen mesedetan.

Horrekin guztiarekin nahikoa ez, eta ezarritako buruzagiak lar esanekoa izan ez edo inoren poltsikoak bete beharrean bereak betetzen hasten baziren, gudarako edozein aitzakia bilatu, eta armen salmentatik irabaziak atera. Dirua da batzuen jainko bakarra.

Oraintsu arte nahiko ondo atera izan zaie, harik eta etxeko atarian ate joka agertu izan zaizkien arte. Sortutako egoerak hain larriak izanda, beste irtenbiderik utzi ez zaielako. Bestela, nork hartuko lituzke beren seme-alabak eta Europara heldu bitarteko kalbarioa sufriarazi?

Eta Europara helduta, zer? Hasieran berba politak, jendea hartzeko arazorik ez, xenofobiari aurre egiteko elkartasun hitzak. Gerora, guztien artean banatu behar, denak ez ditu Alemaniak hartuko eta. Xenofobiari biderik ez zaio eman behar, planak egin behar dira, gauzak ondo egingo badira patxadaz egin behar dira… Amaiera: Lasai! Bidal ditzagun Turkiara! Beti dago diru truke lan zikina egingo duen hirugarrenik. Hau guztia amen baten eta inongo errukirik gabe egin dute.

Eta lotsak tragatuta, hori egiten zelan uzten diegun ulertu ezinik nagoela, hartutako neurrien aurkako manifestazio deiak hasi dira, zenbait alkatek errefuxiatuak hartzeko sarea osatzen ari direla irakurri dut eta halako argi izpi txiki batek berotu dit bihotza.

Ez, ez naiz fededuna. Ez dut Jainkoarengan ez Alarengan sinesten; gizakiarengan, baina, sinesten dut.