Sormenetik edanez

Egun gutxiren bueltan, Sormenaren Lurraldetik hasi eta Euskaraldia eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia begitandu zaizkit.

Sormenaren Lurraldeak, Durangon izan zuen bilgune aparta, eta Lurraldeak berezkoa duen errealismoan oinarria harturik, landutako irudimena bisualizatzeko aukera izan dugu, Euskal Herria benetan handia dela eta askoz ere handiagoa izan beharko dugula sentiaraziz.

Ondoren, abenduaren 13an, Euskaraldiaren aurkezpena izan genuen Zelaieta Zentroko Aretoan eta bertan norbanakooi gonbit egin ziguten “ahobizi” eta “belarriprest” izateko kanpainan parte hartzeko. Proposamen zabala eta integratzailea iruditu zitzaidanez, lerrotxo hauen bidez, animatzen zaituztet bertan zornotzar euskaltzale orok burubelarri aritzeko.

Hala ere, hausnarketa bat egin nahiko nuke Amorebieta-Etxanoko Udalaren Euskararen plangintzen inguruan. Izan ere, aurreko legealdian lan mardula egin baitzen, herriko hainbat eragile sozialek parte hartuta eta bertan norbanakoez harago zihoan ildoa marrazten zen. Hau da, Kultur eta Kirol Elkarteak inplikatu beharra zegoela edota udalak berak eskaintzen dituen zerbitzuetan euskararen eskaintza progresiboa bermatu beharko litzatekeela. Konkretuki, zertan dira Ametxen antolatzen diren ikastaroak? Hizkuntzaren trataeraren aldetik zer balorazio dago? Larreako kiroldegian, kirol ikastaroak zertan dira? Zer balorazioa dago? Galdera askoz gehiago egin litezke, noski, baina nik faltan botatzen ditut beste era bateko kanpainak. Hain zuzen ere, Amorebieta-Etxaonoko udalaren jardun estrukturalari eragingo lioketenak, eta ez bakarrik norbanakoei begira egiten direnak, inolako ondorio administratiborik gabe.

Azkenik, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak, beste behin, txunditu egin nau bertan ehundu diren hotsen mamia eta azala, sakonak eta ederrak iruditu zaizkidalako. “Erkin” hitza sarritxo entzun bazen ere, zinez saio “mardula” izan zen, luze bezain trinkoa.