Tantorta auzoaren urbanizazioa: Azalera handiko merkatalguneak Zornotzan?

Tantorta auzoa.EH Bilduk Tantorta auzoa eraberritu behar dela babestu du, baina urbanizazioa egiteko Udalak azalera handiko merkataritza-zentro bat ezartzea baldintza bezala jarri izana “xantaia urbanistikoa eta soziala” dela salatu du. Era berean, herriko komertzio txikiak arriskuan jarriko direla ohartarazi du.

Tantorta auzoarena ez da gai berria. Joan den legegintzaldian (2011-2015) EH Bilduko ordezkariak Tantortako bizilagunekin elkartu ginen, baita arazoak dituzten beste auzoa batzuetako bizilagunekin ere, hala nola, Astepekoekin. Orain, Tantortak dituen arazo urbanistiko guztien konponbide moduan azalera handiko merkatal zentro bat ireki nahi du Udalak eta guk hori ez dugu onartuko, hirigintza eredu horretan sinesten ez dugulako.

Hori bai, hasieratik argi utzi nahi dugu Zornotzako EH Bildu ez dagoela azalera handiko merkataritza-guneetan jarduten duten enpresen aurka.

Horrez gain, gogora ekarri behar dugu 2001ean talde politiko guztiok adostutako arau subsidiarioen arabera, 600 m2 baino gehiagoko pabilioia eraikitzeko baimenik emango ez duela Udalak. Arau horren helburua herriko komertzio txikiak merkatalgune handien aurrean (Ikea, Carrefour, Simply…) babestea da.

Horrelako enpresak Zornotzan ezarriz gero, gure herrian Barakaldon duten arazoa errepikatuko da: jendeak merkatal zentro handietan erosiko du, baina herritik ezertarako pasatu gabe.

Horrez gain, horrelako merkataritza zentroen inguruan gauetan zaratak eta istiluak sortu izan ohi direla kontuan izan behar da, auzokideengan eragina izango duelako.

EH Bildu Tantorta auzoa azalera handiko merkataritza-gune baten bitartez eraberritzeko egitasmoaren aurka dago. Gure jarreraren arrazoi nagusiak:

1. Lau urtetan ezinezkoa izan bada ere, dagoeneko abian da Hiri-antolamenduko Plan Orokorrerako Aholkularitza Batzordea. Lan-talde hori herriko bizilagunek osatzen dute. Udalak aldebakarrez aldatu nahi ditu arau subsidiarioak, baina horrek aipatu batzordearen eginkizuna erabat baldintzatuko du.

2. Azalera handiko zentro komertzial bat eraikitzeko arau subsidiarioak aldatzen badituzte, ezinezkoa izango da etorkizunean marka gehiago sartzea ekiditea. Orain elikadurari lotutako konpainia bat ezarri nahi dute, baina gerora beste sektore batzuetako (burdindegiak, garraioa, aisialdia…) enpresak etor daitezke. Hortaz, herriko dendek eta tabernek arazoak izango lituzkete: lehiakortasunik ez, bezero gutxiago… Guk herriko dendariak babestu nahi ditugu.

3. Zergatik ez du Udalak Tantortako auzoaren urbanizazioa bere gain hartzen, beste auzo batzuetan egin duen bezala? Agian, ez direlako beste auzo batzuetan beste bozka Tantortan? Tantortako eraberritzea egiteko azalera handiko merkatalgune bat eraikitzea baldintza moduan jarri izana txantaje urbanistikoa eta soziala dela argi esan behar dugu.Lau urtetan ezinezkoa izan bada ere, dagoeneko abian da Hiri-antolamenduko Plan Orokorrerako Aholkularitza Batzordea. Lan-talde hori herriko bizilagunek osatzen dute. Udalak aldebakarrez aldatu nahi ditu arau subsidiarioak, baina horrek aipatu batzordearen eginkizuna erabat baldintzatuko du.

Amaitzeko, azpimarratu nahi dugu eztabaida hau 2011-2015 legealditik datorrela, baina alderdi batzuek ez zuten gai honekin “arriskurik” hartu nahi, hauteskundeak gainean zeudelako. EH Bilduk hasieratik esan zion ezetz proiektu honi; hauteskundeetan ezetz esan genuen; eta orain ere ezetz esaten dugu. Gai hau hauteskundeen gainetik dago. Arazoei momentuan egin behar zaie aurre, eta ez batzuei komeni zaienean.