Tokiko Agenda 21a martxan da berriro, EH Bilduren ekimenez | Euskal Herria Bildu Zornotza

Tokiko Agenda 21a martxan da berriro, EH Bilduren ekimenez

Hiru urtetan geldituta egon ondoren, ingurumenaren eremuan Udalaren utzikeria salatuta, EH Bilduren ekimenez abian da berriz Tokiko Agenda 21a, garapen jasangarriaren alde lan egiteko herritarak eta udal administrazioa inplikatzeko asmoa duen prozesua. Ingurumen plan berria martxan jarri izana albiste ona izan arren, jarrera kritikoa agertu du EH Bilduk.

Koalizio subiranistaren presio eta eskaerekin batera ingurumenaren inguruko sentsibilitateak lagunduta, badira hilabete batzuk Udalak Asistentzia Teknikoa kontratatu zuela datozen zortzi urteotarako alor horretako plana disinatzeko.

Plana burutu aurretik, dagozkion azterketa eta diagnosiak egin ziren eta, hauen arabera, behin esku hartze eremuak adierazita, datozen urteotarako planaren oinarriak identifikatu dira.

Horien artean daude, esaterako, udalerriaren ondare natural, paisajistiko eta historikoa babestea; oinezkoen higikortasuna bultzatzea; Udalaren aldetik, eraginkortasun energetikoaren apustua egitea; herrian enplegu politikak indartzea edota euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzeko dinamika berriak martxan jartzea.

Abstentzioa

Bultzatzaile nagusia izaki plana martxan jarri izana EH Bildurentzat berri ona bada ere, abstentziora jo beharrean ikusi du bere burua koalizioak. Izan ere, planaren 7. ildo estrategikoaren baitan, EAJren hauteskunde kanpainako proiektu zen Urgozo polikiroldegiaren eraikuntza baitago.

Proiektuko honek Ixerbekoakoa ordezkatuko luke, baina inolako aurre azterketarik gabe eraiki nahi dutela nabarmendu du EH Bilduk.

Zentzu horretan, ezinbestekotzat jotzen du kirol azpiegituren inguruko hausnarketa integral bat egitea, bestela, agian hamar urte barru txiki geratu daitekeen beste espazio bat izango dugu, Larreako polikiroldegia kasu.

Edozein kasutan, ingurumen plana gauzatuko dela-eta, pozik dago koalizioa.