Tokiko hedabideak, komunikatzeko beharra eta zailtasunak

Hilero-logoSarritan jakinarazi zaigu udaletxean egiten dugunaren inguruan oso gutxi entzuten dela kalean, ez bada aldizkari jakin batzuei esker. Egoera honen aurrean, komunikatzeko moduari buelta bat eman eta erabaki bat hartu dugu EH Bildun.

Horrenbestez, www.ehbilduzornotza.eus ataria estreinatu genuen iaz, eta Facebook (EH Bildu Zornotza) eta Twitter (@EHBilduZornotza) kontuak ere zabaldu genituen, jendearengana modu errazago eta azkarrago batean heltzeko asmoz.

Horrez gain, Zabaldu aldizkaria ere argitaratu dugu.

 

ZER GERTATZEN DA EGUNGO HEDABIDEEKIN?

Hedabide orokorrek eskualdea, herrialdea, EAE edo Estatua dute helburu. Nahiz eta kazetariei ezer esan, azkenean, erredakzio buruen esku geratzen da guk diogun ezer jartzea. Beraz, esaten duguna agertzea ez dago gure esku.

Herriko hedabideen artean bi, berriz, ditugu: Kantarranas eta Hilero.

Kantarrasani dagokionez, lehenik eta behin, zorionak AIDAEri egiten ari diren lanagatik. Orain arte, beraiekin lanik egin ez badugu arrazoi argi bategatik da. Alderdi politiko bat gara, eta gure uste apalean, pena handia litzateke alderdi politiko batek aldizkari horretan ezer argitaratzeagatik aldizkariaren politizazio bat gertatzea. Ahal dugun guztian lagunduko genieke tankera honetako aldizkari edo ekimenei, betiere, gure ekintzek politizazioren bat ekarriko ez luketela ziurra balitz.

Hilerori dagokionez, ez du aurrekoaren perfilik, onura propiorako ari baita. Bi dira Hilerorekin lan egiteari uztearen arrazoiak:

1- Oso ale gutxi banatzen ditu (azkeneko lau urteotan 4.000 aletik behera edizio bakoitzeko) eta urtero Udaletik 24.200€ jaso arren, ez da etxe guztietara iristen. Beraz, irisgarritasun handiagoa nahi dugu. Guk, adibidez, 8.000 ale banatzen ditugu edizio bakoitzeko.

2- Prezioa: orrialde bategatik 300 eta 425€ artean kobratu izan digu, kontuak egin eta gero, merkeago ateratzen zaigu tarteka gure aldizkaria gure kabuz argitaratzea. Gainera, ale kopuru bikoitzarekin gutxienez.

Bestalde, Udaletik abian jarri den Euskara Plana kontutan izanik eta euskararen alde egiten ari garen apustua aintzat harturik, bi aldizkariek diru-laguntza publikoa jasotzen dutenez euskaraz berri gehiago argitaratzeko ahalegina egitera gonbidatzen ditugu bi aldizkariak.