Tortura beti erdigunean

Hauteskundeak utzitako aje zein akidurak lausotzen joango dira gaurtik aurrera, dagoeneko bestelako partida bat hastear dagoelako, hots: emaitzen osteko eragiketa, kalkulu zein akordioetara ailegatzeko prestutasuna agertu beharko dute taula gainean jokoan aritutako dantzari ezberdinak. Uler daiteke zurrunbilo ia amaigabe horretan gai eta gauza garrantzizko asko ohartzeke pasatzea, kontutan hartzen badugu egun hutsaltasuna dela gauzekiko dugun atxikipena.

Hauteskunde kanpainaren joan etorri zalapartatsuan eta elkarri mokoka aritze horretan ez du behar adina presentziarik izan berri garrantzitsu batek, non Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak frogatutzat eman baitu Estatu Espainolak torturatu egin zuela 2007an euskal herritarra den Gorka Lupiañez. Amesgaiztoa asko eta askorentzat baina Estatu zapaltzaileak inoiz onartuko ez duen praktika.

Gure iraganarekiko horren kritiko azaltzen direnak ez ditut entzun tamaina horretako berriari behar adina hauspotze kanpaina egiten, akaso zerbait ezkutatzeko izan dezakete edo, are okerrago, jarduera arbuiagarri horretan konplizeak izan dira urte eta urteetan. Torturatu egin da, torturatu egingo litzateke testuinguruak horrela eskatuko balu, eta aurrerantzean ere torturatu egingo da. Hori argi. Gehienik ere atsedenalditxo bat egongo da, baina gutariko inor ez da seguru egongo. Inor ez.

NBEk argitaratutako ebazpena garaipen bezala har daiteke, batez ere tortura indarrean ipini duen Estatuak muzin egiten dionean horrelako praktika bat modu sistematikoan erabili izan duela onartzerakoan. Zaila izango da hortik onarpen argi bat ateratzea. Hala ere, ez dakit hainbeste kostata lortzen dugun horrelako berri bati behar adina etekin ateratzen diogun. Urteak igarotzen dira helegiteek bide arruntak egin arte, ia akitzerainoko bide luze bezain malkartsuak, gazi-gozoak nonahi. Eta eguzki-printzatxo bat hodeiertzean begistatzen dugunean apenas jaramonik egiten diogu.

Paradisuko gizarteaz sinesten ez dudalako, jakin badakit, Estatuaren aldetik, erreparaziorik ez dela egongo. Ez dakit ere NBEk ezarritako arauak beteko dituen, betetzeak dakarrenean, nolabait, eragindakoaren onarpen moduko bat. Eta horiek berba potoloak dira, agian potoloegiak, oraindik ere antzinako zauriak hor daudenean eta egunerokoan ezer gutxi egiten dutenean agerira ekartzeko.

Gorputzaren sakonean, bortxaz urratutako minak ez du izaten sendabiderik, garunaren sakonean, betirako, iltzatuta geratzen baita. Tribunal batek egindakoa aitortzeak, amesgaiztoari, beldurrari argi apur bat ipintzea litzateke, oroitzapen soilak kitzikatzen digun ziztada ahalik eta leku erosoenean pausatzea lekarke bizitzeari ilusioa eta gozamena txertatzeko. Ez dago beste biderik.

NBEk aitortutakoa, torturatua izan denarentzat, garaipen txikitxo bat baino askoz gehiago da, norberaren izatea eta printzipioak ere jokoan daudelako. Familiarentzat indar metaketa txikitxo bat bidean beste urrats bat emateko. Gorputzaren barruko zauriak zailak oso dira frogatzen edota paper zuri batera idatziz ekartzen, baina egin beharreko lana eta borroka da, bai gutxienez. Herri bezala geurea atxikiz aurrerako bidean.

Ebazpen honetan pertsona askoren lan mardula dago, ikusezina ikusarazten saiatuz. Lan amankomuna dago lerro bakoitzean eta argi beharko genuke izan horrelakoek ere herri bezala identifikatzen gaituela. Bihoakio familiari besarkada estu bat. Ez daude bakarrik, maite ditugulako.