«Torturak eragindako zauriari oraindik odola dario»

EH-Lorea_Bilbao-TATLorea Bilbao Torturaren Aurkako Taldeko (TAT) kidea da, eta otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna denez, harengana jo dugu bere iritzia ezagutzeko. 2016. urte honetan ere tortura oso presente egongo den gaia izango dela esan digu, eta azpimarratu hura ahalbidetzen duen legedia derogatzeaz gain, Euskal Herrian eragin dituen zauriak ixtea lehentasunezkoa dela.

– Torturaren Aurkako Egunean, zein da TATek 2016an egiten duen irakurketa?
Torturaren gaia 2016an mahai gainean egongo dela aurreikus dezakegu: Alde batetik, Apirilan Entzutegi Nazionalak, 2011n Guardia Zibilak torturatutako 5 iruindar epaituko ditu eta horren harira «Aztnugal» kanpaina abiarazi dute. Kanpaina horren baitan otsailean zehar ekimen kultural ugari proposatu dituzte eta otsailaren 13an bertan torturari buruzko konferentzia bat eta kontzertu bat antolatu dituzte.

Gainera, maiatzan, 2010ean Guardia Zibilak torturatutako 8 euskal militante epaituko ditu Entzutegi Nazionalak, eta oraindik ezer zehaztu ez duten arren hainbat ekimen antolatuko dituzte tortura salatzeko.

Ekaina aldera, Paco Etxeberria auzi medikuak, bere lantaldearekin batera Istanbulgo Protokoloan oinarritutako EAEko ikerketaren emaitzak azaltzea aurrikusita du.

Eta urte bukaerarako Mikel Zabalza torturapean hil zuteneko «Objetos Perdidos» dokumentala aurkeztuko dute.

Beraz, otsailaren 13ari garrantzia berezia eman behar zaiola uste dugu.

– Zer ikusiko dugu zehazki Paco Etxeberriaren ikerketa horren baitan?
Paco Etxeberriak aurrera daraman ikerketarekin Euskal Herrian azken bost hamarkadetan torturak izan duen dimentsioaren lagin bat ikusi ahal izango dugu. Lagin bat diot, zeren uste dut ez dugula sekula jakingo torturak gure herrian izan duen benetako dimentsioa.

Datu kuantitatiboez gain, torturak gizartean izan duen inpaktoa aztertu beharko genuke, zeintzuk diren luzera begira indibidualki zein kolektiboki dituen ondorioak eta nola eragiten duten gizarte oso batean.

Ezin ditugu ahaztu ere torturapean lortutako inkulpazioei esker espetxeratuak izan diren ehunka euskal herritarrak, horietako askok oraindik luzerako espetxeratuak jarraitzen dutenak, edo inkulpazio horien ondorioz edo torturaren mamuaren eraginez erbestera alde egin duten euskal herritar guztiak.

Hori guztia salatzea ere eta benetako aitortza aldarrikatzea dagokigu 2016ko otsailaren 13. honetan.

– Nazio Batuen Erakundeak eta bestelako erakunde eta eragileek behin eta berriro eskatu diote Estatu espainolari torturaren biktimak aitortu ditzala eta halako kasu gehiago gerta ez dadin medioak jar ditzan, baina honek entzungor egin izan du orain arte. Zer egin daiteke horrelako egoeren aurrean?
Nazioarteko erakundeek emandako gomendio eta ebazpenak Estatu espainarrarentzat lotesleak eta betebeharrekoak diren arren, oraindik ez dago inolako mekanismorik hauek betearazteko, beraz egin dezakegun bakarra da Estatu espainarraren jarrera hau nazioarteko esparruetan salatzen jarraitu.

pnga_erakutsi1Azken urteotan, Estrasburgoko Auzitegiak hainbat aldiz zigortu du Estatu espainola tortura salaketak ez ikertzeagatik. Zein irakurketa egiten duzue honetaz? Halako zigor gehiago etor litezkeela aurreikusten duzue?
Ebazpen kopuru handia da oso denbora gutxian, batez ere Giza Eskubideen Auzitegiak azken 5 urtetan 6 aldiz kondenatu duelako Estatu espainiarra euskal herritarrek jarritako tortura salaketak ikertzen ez dituelako. Horrek esan nahi du proportzionalki tortura salaketa asko dagoela eremu geografiko oso txikian eta agerian geratzen da Estatu espainiarraren jarrera.

Gainera sententzia hauetan CPTak (Comité Europeo para la Prevención de la Tortura, gazteleraz) espainiar Estatuari buruz egindako txostenetan behin eta berriz errepikatzen dituen gomendioei muzin egiten zaiela azpimarratzen da.

Nazioartean nabarmen geratu da espainiar Estatuak torturarekin duen lotura eta horren inguruko jurisprudentzia kontsolidatua dago jada. Egun, ebazpen baten zain gaude, Xabier Beortegiren tortura salaketaren ingurukoa hain zuzen, eta hau ere gure aldekoa izatea espero dugu.

– Azkenaldiko sarekadetan atxilotutakoei inkomunikazioa aplikatu ez izana presio horren ondorio dela esango zenukete?
Guk beti esan izan dugu tortura bukatuko zela Estatuari errentagarria izateari uzten zionean eta badirudi hala izan dela. Erakunde armatuak bere jarduera armatua uztea erabaki zuenetik gizartean gero eta gutxiago ulertzen zen inkomunikazioa erabiltzen jarraitzea, eta horri gehitu behar zaizkio denbora tarte horretan espainiar Estatua zigortzen zuten ebazpenak areagotu zirela eta nazioarteko erakundeek gero eta ozenago eskatzen zutela inkomunikazioaren desagertzea. Egun inkomunikazioa ez aplikatzea lortu dugu baina oraindik aplikagarri dago.

Aldarrikatu behar duguna inkomunikazioa eta atxiloketaldian ematen den salbuespeneko araudia derogatzea da.

– Hamarkadetan zehar, beste gertakari batzuekin batera, torturak zauri sakona eragin du gure herrian, milaka eta milaka baitira hori jasan behar izan duten pertsonak. Ixten ari dela esango zenukete? Eta bestela, zer egin daiteke ixten joan dadin?
Torturak eragindako zauriari oraindik odola dario. Are gehiago, esango nuke azken garai honetan urteetan gaizki itxiak egon diren zauri horiek ireki egin direla eta honi lehen bait lehen erremedioa jartzen hasi beharko garela. Torturatuak aitortzeko, torturatuei beraiei haien lekukotasunak emateko eskatzen diegu, direla duela bi urtekoak edo duela 40 urtekoak. Badago jende asko ez duena sekula horretaz hitz egin eta orain bat batean bere lekukotasuna emateko eskatzen diogu, baina ez gara konturatzen zauri hori irekitzeak ekar ditzakeen ondorioetaz.

Gizarteak torturaren errealitatea ezagutzeko eskubidea eta beharra du, baina nahitaezkoa da mota guztietako baliabideak jartzea torturak eragindako ondorioei aurre egin ahal izateko, tortura jasan duten pertsona guztiei gure esku dagoen laguntza osoa eskaintzetik hasita, baina baita babes instituzionala bermatuz.

– Zein modutan baldintzatu izan du torturak hura sufritu duten pertsonen bizimodua?
Askotan esaten da torturatu aurretik pertsona bat zinela eta beste pertsona bat inkomunikaziotik pasa eta gero. Torturatua izan den pertsonak horrekin bizitzen ikasi behar du, bere bizitzaren parte izango delako betiko. Torturak eragindako sintomak gainditu ditzake, zauriak sendatu, baina bizipen hori bizitza osorako eramango du berarekin.