Transgenikoa ez den bizitza baten alde

xabi-gutierrezNahiz eta transgenikoaren inguruan beste batzuetan idatzi dudan, berriro bueltatzen naiz. Maiatzaren 29an webgune honetan iritzi-emaile kide dudan  Esti Sarrionandiaren ‘Transgenikoaren mamu batzuk’ artikuluaren harira nire desadostasunak eta iritzia eman nahi dut transgenikoen arriskuei buruz. Ea eztabaida zabaltzen den!

Transgenikoen erabileran ez dago gakoa, nire ustez ez dauka erabilera onik, edozein ikuspuntutatik topatzen dira arriskuak, bai amalurrarentzat, bai gizakiarentzat. Urteak dira agrokimiken eta “elikaduraren” multinazional handietatik heltzen zaizkigun elikagai eta lurretan transgenikoak sartzen ari direla.

Gaur egun, agrokimikaren, bioteknologiaren eta hazi eta agroelikaduraren merkatu guztiaren onura guztiak enpresa multinazional gutxi batzuek dauzkate (Monsanto, Bayer, Basf, Dupont, Syngenta eta Novartis hain zuzen) horien banaketa eta elikagaien kostua beraiek kontrolatzen dutelarik.

Nekazariek enpresa horiekin kontratuak egin behar dituzte, non ezin dituzten beraien haziak gorde, enpresen biozidak erostera behartuta dauden, nekazarien menpekotasuna ekartzen duelarik.

Horrek guztiak lursail handiak egiteko beharra ekarriko du, honekin batera, inbertsio handiagoak eta baita teknologia berriak sartzea ere. Honek lurraren industrializazioa ekartzen du, nekazari txikiak alde batera uzten dituelarik, nazio txiroenetan batik bat.

Indian milaka nekazarik beren buruaz beste egiten dute, Monsantoren kotoi hazi transgenikoen erruz. Indian ordu erdiro nekazari batek bere buruaz beste egiten du eta azken 16 urteetan, 250.000 nekazari baino gehiago hil dira, ‘Centro de Derechos Humanos y Justicia Global’en arabera.

Espezie lokalen desagerpena ekartzen du. Horrek naturarekin lanean egon den ehunka urteko beharraren galarazpena ekartzen du, zentzu horretan kultura galera handi bat gertatzen da.

Horretaz gain, alde batetik ezin dugu erabaki zer jan, produktu transgenikoak ez dituztelako etiketatzen, eta bestetik, nekazaritza ekologikoko produktuak kutsatzen dira transgenikoen ondoan landatuta daudelako, Nafarroan gertatzen ari den moduan.

Eta, horren guztiaren aurrean,zer? Gure bizitza, gure aukeratzeko gaitasuna eta elikadura burujabetza  hobetu nahi baditugu:

– Ez dezagun gure lurretan transgenikorik landatu eta gure ezagun eta auzokideei hau guztia azaltzea beharrezkoa ikusten dugu.

Produktuak etiketatuta ekartzea exijitu, horrela ez dugu erosiko transgenikorik.

– Bertako nekazariei eta konfiantzazko pertsonei erostea bitartekariak saihestuz. Horrela gure harremanak hobetuko dira eta ez multinazional gutxi batzuen irabaziak.

Transgenikoei boikota!!

Amalurra defendatu!!