Txin-txin

Dena eros omen daiteke. Dirua baino ez da traba, edo kasu askotan, baldintza.
Goizean goiz alarmak jo eta gauean hurrengo goizerako alarma aktibatzen dudaneraino dirua behar dudala konturatuta nago. Ez zuzenean, agian, baina bai zeharka. Sistemak eraman nau behar horretara eta behar horretaz baliatzen da; lan eta kontsumitu, eta bien arteko faktore komuna dirua. Ez da honi buruz gogoeta egiten dudan aldia, eta ziurrenik azkena ere ez, bizitzaren merkantilizazioak, erabat asaldatuta bainauka.


Legea lege da denontzat, denok berdintzen gaitu eta eskubide eta betebehar berdinak ezartzen dizkigu. Teorian bai hala izaten da, praktikan baina patrika beteenek izaten dute arrazoia, gehiegitan.
Iustitiak badaki diruaren itzala noraino iris daitekeen, eta bera ahotan hartuz sententzia erabakitzen duten togadunek argi daukate, dena eros omen daiteke.

Aste Santua ate joka dugun honetan ere diruaren boterea nabarikoa izan da garaiotan mendez mende. Euskal Herriko etxe askotan Garizuman ostiralez bigilia egin eta ez zen okelarik jaten. Gutxiengo batzuk baina, txin-txin, txin-txin diruaren hotsa…, behar beste ordaindu eta bula de carne delakoarekin haragia jateko baimena lortzen zuten.
Ahalguztidunak ere bazekien diruaren itzala noraino iris zitekeen eta bere zerbitzariek argi zuten, dena eros omen daiteke.

68 urteko emakume bat “ama izan berri omen” da duela gutxi. Bizitzaren miraria baino Dollarren miraria izan dela esango nuke. Halakoetan ere, diruak duen garrantzia eta diru ezak eragiten duen babesgabetasuna kontuan izan beharko genituzke, batez ere desberdintasun horrek sortzen duen botere harremana erreala delako. Ez da lehenengoa izan, eta zoritxarrez azkena ere ez.

Dena eros omen daiteke. Dirua baino ez da traba, edo kasu askotan, baldintza.