Udalaren kontratazio sistema salatu du Zornotzako Herri Mugimenduak

Zornotzako eragile ezberdinek osatzen duen Herri Mugimenduak elkarretaratzea egin zuen apirilaren 28an, Kepa Ugarte udal langilearen heriotza salatzeko eta haren senideei beren babesa eta elkartasuna adierazteko.

Zornotzako Herri Mugimenduak azpimarratu du prekarietateak eragindako heriotza izan zela eta ez istripu bat.  “Guk argi dugu astelehenean Zornotzako Ganeko piszinetan gertaturikoa ez zela istripu bat, produktibitatea eta etekinak langilearen osasun eta bizitzaren gainetik jartzearen ondorio baizik”, dio ohar baten bidez.

Ildo horretan, Amorebieta-Etxanoko Udalaren kontratazio sistema salatu du, “zerbitzu gehienak azpikontratatu egiten dituelako”.

Kepa Ugarte joan den apirilaren 24an hil zen Ganeko igerilekuetan mantenu lanetan ari zela, karbono monoxidoa arnastuta.

Hemen duzue Zornotzako Herri Mugimenduak bidalitako oharra, oso-osorik:

SUBKONTRATAZIOA = PREKARIETATEA HILTZAILEA!!

Lehenengo gure besarkadarik beroena eman nahi diegu Keparen senitartekoei.

Guk argi dugu astelehenean Zornotzako Ganeko piszinetan gertaturikoa ez zela istripu bat, produktibitatea eta etekinak langilearen osasun eta bizitzaren gainetik jartzearen ondorio baizik.

Aurten 20 langile baino gehiago hil dira lanean. Subkontratazioak eta lanaren prekarizazioak, lan baldintzen okertzeak, laneko segurtasun faltak langileok zauritzen eta hiltzen gaituzte. Eusko jaurlaritzak eta patronalak, aberastea helburu, gure osasuna jokoan jartzen dute egunez egun.

Horregatik, Zornotzako udal gobernuaren kontratazio sistema salatzen dugu. Gaur egun Zornotzako zerbitzu gehienak subkontraten bidez egien baitira.

Hortaz, gaur udal gobernuari kontratazio era zuzenean egitea exijitzen diogu.

Bukatzeko, gogoratu nahi dugu gaur lan segurtasun eta osasunaren nazioarteko eguna dela eta gure eskubideen alde borrokatzen jarraitu behar dugula, bai gaur, bai egunero eta Maiatzaren 1ean, denok kalera!

PREKARIETATEAREN AURKA BORROKATU!!