Ulertzen ez ditugun pegatinak

Gogoan dut amamak lehengusinari ingelesez idatzitako kamiseta oparitu zionekoa. “I´m a bitch” zioen kamiseta modernoak. Amamak sarritan daramatza horrelako kamiseta modernoak. Egundo ez du erosi duen hori ulertu, baina, gizartera egokituago dagoela sentitzen du horrela.

Edozein jaietako txosnetan ere antzekoa gertatzen da. Ostiralean, Igorreko txosnetako barran nengoela, mutil bat hurbildu zen tragoak eskatzera. Kaña eta kalimotxoen artean guitoak ere eskatu zizkidan. Esan zidatenaren arabera, ezin nuen ezer kristalezko botiletan zerbitzatu, eta beraz, guitoa plastikozko edalontzira bota beharko niola abisatu nion. Mutilari ez zitzaion kirstalaren kontua asko gustatu, eta plastikozko edalontzira bota baino lehenago barra gainean zegoen guitoa hartu zuen. Bueltatzeko eskatu nion, eta edalontzira alkohol gehiago botaz gero, bueltatuko zidala erantzun zidan, txosnan zerbitzatzeko baldintzak berak jarriko balitu bezala. Norgehiagoka hasi zen orduan, ezin nion boterea bereganatzen utzi, eta aurretik ateratako kañak erretiratu nizkion. Haserretu egin zen, nik ordurako denboratxo bat neraman haserre.

Bere koadrilla osoa hurbildu zen orduan, denak kamiseta berdinarekin, lagunari lapurtutako kañak, guitoa eta boterea berreskuratu nahian. “Neska, neska!” Oihukatzen zidaten mutilek barra izkinatik. “Neska, baina zu nor zara?” galdetzen zidaten. Herrikoa ez zen pertsona(eta gainera, emakumea) batek, herriko jaietan beraien boterea onartzen ez zuela ulertu ezinik. Errespetuz hitz egiteko eskatu nien, eskuak jaisteko, baretzeko…alferrik.

Denbora luzez lagun-talde astun hori aguantatzen ibili ostean, azkenean, txosnako arduradunari eskatu behar izan nion mutil koadrilla hori barratik botatzeko, haientzat nire hitzak ezer gutxi balio baitzuen. Berriro ere, haserretuta, baina azkenean alde egin zuten. Bakea.

Nire txosnako txanda bukatu, eta etxera joan baino lehenago azken trago bat hartzera joan nintzen. Mutil horiek zebiltzan inguruan. Zuzen begiratzen ditut, eta orduan ohartzen naiz txosnetako pegatina feministez josita daudela: “Eraso sexistarik ez” eta beste hainbeste lelo.

Amamaren “I´m a bitch” kamiseta etorri zait burura. Mutil hauek ordea, badakite euskaraz, ulertzen dute pegatinetako hizkuntza. Ulertzen ez duten hori, hizkuntza ez ulertzea baino are larriagoa da.