Urbanizatu eta lau hilabetera, berriro altxatu dute San Miguel kalearen zati bat

Makina bat San Miguel kaleko espaloi berria apurtzen.

San Miguel kalearen urbanizazioa martxoan amaitu zuten, sei hilabeteko lanen ostean. Obra horrek dendari, ostalari eta bizilagunen hainbat kexa eragin zituen. Bada, abuztu hasieran berriro altxatu zuten San Miguel kaleko espaloia.

Joan den abuztuan, urbanizazio lanak amaitu eta hilabete gutxira, berriro altxatu zuten San Miguel kalearen zati bat. Arrazoia? Iberdrolaren kable-sarea sartzea. Lan hori aurretik egin behar izan zuten, obrak iraun zuen sei hilabeteetan, hain zuzen ere; baina ez zuten hala egin eta orain berriro apurtu dute duela gutxi estreinatutako espaloia.

Hau al da gauzak ongi kudeatzea? Nor da honen erantzulea? EAJren Udal Gobernua? Iberdrola?

San Miguel kalea berritzeko 1,2 milioi euro gastatu zituen Amorebieta-Etxanoko Udalak. Lanak sei hilabetez luzatu ziren, kale horretako dendari, ostalari eta bizilagunei hainbat eragozpen sortuta.

Obra 2017ko urrian hasi zuten, eta 2018ko martxo bukaera amaitu zen. Tarte horretan San Miguel kalea trafikoarentzat itxita egon zen.

EH Bildu Zornotzaren iritzian, onartezina da bere garaian gauzak ondo egin ez izanagatik orain berriro San Miguel kalearen zati bat altxatu behar izatea. Areago, lanak sei hilabetez luzatu zirela eta Udalak egitasmo horretara bideratutako aurrekontu handia kontuan hartuta, eta obrak herritarrei eragindako arazoak ezagututa.

Horrenbestez, EH Bildu Zornotzak ardurak argitzea eta horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak hartzea exijitzen dio EAJren Udal Gobernuari.