Urko Lopez: “EAJk ez du argitu kiroldegi berriak zornotzarren beharrizanak asetuko dituen edo 5 urtean txiki geratuko den”

Amorebieta-Etxanok kiroldegi handiagoa eta kirol-eskaintza hobea behar duela defendatzen du EH Bilduk, baina EAJk iragarritako Urgozo kiroldegiak ia 19.000 biztanleko herri baten beharrizanak asetuko dituela zalantzan jarri du; izan ere, egitasmo horren helburua Ixerbekoa kiroldegia ordezkatzea da.

“Proiektu hori zertan oinarritzen den galdetu dugu udaletxeko batzordean, baina ez dugu erantzunik jaso; uste dugu ez dutela ikerketarik eginda eta, beraz, ez dakigu 5 urtetan txiki geratuko den ala ez, Larreako kiroldegiarekin gertatu zen bezala”, ohartarazi du Urko Lopezek.

Udalak esan zuen ez zegoela dirurik (500.000 euro inguru) Tantora urbanizatzeko, baina gerora EAJk eta PSEk 1,3 milioi euro aurrekontua onartu zuten San Miguel kalearen itxura aldatzeko. Hori nola uler daitekeen galdetuta, Urko Lopezek ustez du “interes alderdikoiengatik” dela.

“San Miguel kalean Tantortan baino jende gehiago bizi da, hau da, San Miguel kalean Tantortan baino boto gehiago eskura daitezke. Irizpide horrekin, lehen eta bigarren mailako zornotzarrak daude”, deitoratu du.

Gai honi lotuta, ukatu egin du EH Bildu Eroskiren aurka dagoela. “Guk soilik kezka bat azaldu dugu: Zornotzako arau subsidiarioak aldatu egin dira Eroskik zentro handi eraiki dezan Tantortan. Eta aurrerantzean beste marka handi batzuek (brikolajea, ostalaritza, arropa…) gauza bera egin dezakete, gurean zentro komertzial handiak ireki, herriko komertzio txiki eta ertainak kaltetuta”.

EAJren hirigintza politika zergatik kritikatzen duen galdetuta, Urko Lopezek azken urteetan egindako obrak batzuek eta horien kostua ekarri ditu gogora: “7.000 eta 15.000 euro arteko diseinu esklusiboko farolak erosten ditu, argiztapen bera ematen duten farola normala askoz merkeagoaz direnean. Anbulatorio berriaren truke, Udalak Osakidetzarentzat Arreibi eraikina egin zuen eta horretarako 2 milioi euro gastatu zituen; gerora, Osakidetzak Arreibi eraikina ezertarako nahi ez zuela esan zion; EH Bilduk eraikin hori aprobetxatzeko egin dizkion proposamenak (enpresa haztegi bat jartzea, adibidez) atzera bota eta nahiago izan du eraikina saltzea”.

“Askotan ematen du udal gobernu honen helburua gauza politak egitea, gauza onak beharrean, eta, azkenean, kaltetua herritarra da“, erantsi du.

Udan izan diren eraso matxisten harira, Urko Lopezek aitortu du indarkeria matxistari erantzuteko Udalaren protokoloak gabeziak dituela, salaketa jarri den kasuetara mugatzen delako.

“Biktimak salaketa jarri edo ez, indarkeria matxista kasu guztiak ikusarazi eta salatu behar ditugula uste dugu”, erantsi du.

Jaien inguruko ikerketari dagokionez, EAJk jaien iraupena aldatzearen alde egin zuten herritarren % 50ari entzungor egin izana eta komunikabideen bitartez zabaldu zuen oharrean jaien iraupena orain arte bezala mantentzearen alde dauden herritarren % 41,5a soilik kontuan hartu izana kritikatu du.

“Ez dakigu Udalak eztabaida hau amaitutzat eman duen ala ez, baina guk ez. Aldaketa defendatzen jarraituko dugu, areago 2018ko egutegia ikusita”, azpimarratu du.