Urtats

Ohikoa izaten da urte amaierarekin batera bilanak egitea esparru zein alor orotan. Nola joan zaigun eta joate horretan zer-nolako emaitzak edota atzerapausuak izan ditugun. Begirada azkar bat bota diezaiokegu urtean zehar egondakoari eta seguru asko hastera doan horretan errepikatuko direnak:

1- Beste behin ere Sanchez jaunak, Espainiako Gobernu buruak, alegia, esan omen du
espainol Konstituzio barruan denetaz hitz egin daitekeela (orain arte aldatu ezer gutxi),
baina ‘Carta Magna’ horretatik haratago, deus ez. Edo beste modu batera esanda, hortik
landa “egurre” mugitzen den orori. Beste urte bat euren legedia inposatzen… eta inposaketa oro biolentzia mota bat da. Ausartuko gara euskaldunok horrelakorik gertatzean aurrez aurre ipini eta gauzak adierazi argi bezain garbi?

2- Nago, gu geuk ere geure etxeko lanak egin behar ditugula. Esan gura dut aukera bat
(txikiena edota sinpleena bada ere) ondo baloratu behar dugula, pentsamenduan sakondu,
eginkizun txikienak gerora eraldaketaren lanabes garrantzitsuena izan daitekeelako.

Adibide gisara ezar nezake zenbait tokitan egindako kontsultak, erabakitzeko
eskubidearen aldekoak; ez da bidezkoa jendarteko batek planteatzea ekimena loteslea
edota loteslea ez izatearen artekoa. Erabakitzeko eskubidearen inguran sortzen diren/ditugun ekimen orori bere biziko garrantzia eman beharko genioke, sugar txiki horrek sumendia sortzera eramango baigintu. Balizko bozketa batean %12 edo %65 atera ez da berdin, jakina, eta hori geure esku dago. Beraz, loteslea izan ala ezko eztabaida hutsaletan ezin gaitezke erori.

3- Genero indarkeriaren inguruan errepikakor bilakatu da esaldi hau; “Berriro gertatu ez
dadin”… Baina berriro, eta beste behin ere, gertatuz joanda. Emakumeek eramandako
borrokak kaleak lepo bete ditu, argi utzi baitute ez daudela prest etxe barruan kikilduta
geratzeko.

Badago zer egin, bai eremu publikoan (kaleen zabaltasuna pertsona orori
zabalduz eta bakoitzak nahi duen orduetan erabat aske ibiltzeko) eta baita eremu pribatuetan, etxe barruetan, alegia.

Apurka bada ere, lehioak zabaltzen hasi beharko dira mendeetan zehar metatuz joan garen kiratsa desagertzen joan dadin, aire garbiak pentsamendurako baldintza egokiagoak eskaintzen baititu eta pentsamendu kritikoak hausnarketarako bide damaigu. Nago, esfortzu haundiena gizonok behar dugula egin, hein handienean gu geuk eman behar dugu aldaketa, oraindik harriak badituelako hainbat ertz borobilduz joan dadin.

4- Aurton ere indarrean egon eta garapena izan duen frontea pentsiodunena izan da. Denok dugu argi non egurtu behar den, gehien duten etxeetan, alegia. Baina eurek izanik arauak eta legeak sortu eta aplikarazi egiten dituztenak, nor euren aurrean ipini? Pentsiodunek bakarrik, guztion borrroka izanik? Hor dago koxka.

5- Orain gutxi Joxe Azurmendi filosofoari irakurri nion elkarrizketa bat eta une batean
diosku euskaldunok izan badugula izaeraren erraietan txertatuta lehenengo “egin” behar
dugula eta “gero pentsatu”. Beraren ustez alderantziz behar luke izan: lehenengo pentsatu
eta gero egiteari ekin.

Euskaldunok aspalditik eta egun dugun intelektual, erreferente haundienetako bat dugu Azurmendi. Beraren hitzak beti daroate pentsamenduaren sakontasuna eta edukiaren jariotasuna. Hobe joango litzaiguke kasu apur bat gehiago egingo bagenio.

Urte barriak, gutxienez, dakargula kalera ateratzeko konbentzimendua eta bide batez borrokarako kemena. Ezin ahaztuta utzi gatibu ditugun burkideak edota exilioan zein deportazioan bizitzari aurre egin behar diotenak euren pentsamendua Euskal Herrian izanik.

Batez be euren senideentako besarkadarik beroena. Maite ditugu, maite zaituztegu. Urak egingo du bidea…