Xabier Amuriza: hitzaren argina

Juanjo LegorburuBestelako abereen artean lengoaiak ezberdintzen gaitu eta gizakia egin. Seguruenez lengoaiaren hastapenak orroan identifikatzen dira eta bera landuz hitza sortu. Honen ondorioa komunikatzeko tresna sortu. Nire ustetan, akaso Xabier Amuriza, Etxanoko Torreburun jaiotako gizasemeak, berehala menperatuko zuen lengoaia eta modu azkar batean orrua berba landu batean bilakatu.

Memorian metatzen goazen horixe omen garelako, Amuriza abizena entzunda batera nire lehenengo oroitzapenak kartzela hitza dakarkit gogora. Zamorako gatibutzan baitzegoen Xabier. Umezaro amaieran izango zen eta ez nuen ezer zehatzarekin identifikatzen, izatekotan zerbait ilunarekin etxean berba egiten zuten modua kontutan hartuko banu.

“Urte batzuen bolara gu hemen izango gara, bien bitartean Euskal Herria askatzen ez bada”, esaldi hori mugarri bezala hartuko nuke zerbaiteren parte sentituz kontzientzia enbortze aldera. Bertso hori akuilu izan da gure imaginarioan behin eta berriz: etor zitekeena luzea izango zela orainean eta gerora.

Haizeak orbela mogitzen duen bezala, bere bertso solteak zetozen kartzelako murruen gainetik guregana. Gosez ginen, ilunpean bizitako garaietan kontzientziak elikagaia bilatzen baitu. Ahoz ahozko hitza zen komunikatzeko tresna eta beraren berriak hartzeak poza lehertzen zuen.

Bigarren mugarri bat Gernikako pilotalekuan egin zitzaion omenaldian lerratuko nuke. Han bildutako jendetzak zerbait berriaren itxaroan geunden, izatearen konbentzimendua eta ordurarteko lur idorrak goldatu beharra ilusio berriak hazten joan zitezen. Beste behin ere hitzak atrapatu zigun eta gure Amuriza, maisu.

Egin beharrekoa luzea izango dela eguneroko ibilbideak damaigu , baina luzea izateak berezkotik du lekukotza. Eta honetan ere, Xabierrek arrastoa utzi zuen txapela jantzi zuen bertso saioan. Bertso bukaeran argiki aipatu zuen gisara : “Oraindik bagerala Balda da testigu”.

Eta izan gaitezela luzaroan, esker mila Xabier !