ZAD

xabi-gutierrezZone A Défendre. Hori da ZAD. Babestu Beharreko Gunea. Nantes, edo bretainiarrek deitzen duten moduan, Naoned hiriaren ondoan badago azken sei urte hauetan borroken konbergentzia eraginkor bat, heldu berrien eta biztanleen politizazioa, auto-formakuntza eta bizimolde kolektiboen eraikuntza gauzatzen dituen eremu askea: Notre-Dame-des-Landes.

Baina zer dela eta horrelako eremu aske bat? 1972tik nazioarteko aireportua egin nahi dute lur horietan eta ordutik milaka lagun daude proiektu horren aurkako okupazio iraunkorra aurrera eramaten, bertako laborariek egindako deialdiari jarraikiz. Baina nor dago proiektu txikitzaile horren atzean? Vinci enpresa. Enpresa horrek 200 hektarea apurtu nahi ditu, tartean hezegune garrantzitsu bat.

ZADen, besteak beste, ikusten da posible dela kapitalismoaren xedeei ezetz esan eta burujabetasuna gaurdanik egitea. Guda-zelai sutsua bilakatu da azken hamarkadan, baina aireportu baten kontrako borroka baino askoz gehiago da: kapitalismotik kanpoko bizitza eredu baten hazia da, elkartasuna eta auto-kudeaketan oinarritua.

Izan ekologista, libertario, lekuko hautetsi edo bretoi abertzale, elkarrekin atondu dira gunea eta okupatzaileak babesteko. Hasieran oposizio dinamika zena erreferentzia baikor erreala bihurtu da denboraren poderioz, Estatu Frantsesean, eta baita Europa osoan ere.

Barne ika-mikak ez dira falta, baina gaur hara hurbiltzen denak sinpleki suma ditzake bertako animoak: jardun, elkar lagundu, errotu, epe luzera jo. Horrez gain, bataren eta bestearen ekarpenei leku eman, iritzi eta eginbide desberdinak gurutzatu, iniziatibak horizontalki koordinatu, ekintza legala eta ilegala osagarriak direla onartu.

Indar erakustaldi horren aurrean, gobernuak ez daki zer egin. Epaileei dei egin die maiz, poliziak kopuru handian bidali, inkesta eta txosten interesatuak manatu, bertan “basa oihanaren legea” dagoela sinetsarazi, sasi-erreferenduma antolatu … alferrik. Notre-Dame-des-Landes aurrera doa beti, berrogei bizitegi okupaturekin, baratza eta hazkuntza lursailekin, okindegi eta auzolanarekin, hamarnaka mila pertsona mugi ditzaketen manifestaldiekin, berrehun sostengu komiterekin.

Euskal Herrian militantzia molde berrituak bilatzen gabiltzanontzat, Notre-Dame-des-Landes aberasgarri, baikor eta maitagarri zaigu. Nork esan zuen kapitalismotik kanpo ezin zela bizi?

Hemen, ZADen inguruko dokumentalaren aurkezpen bideoa.