Zaindu dagigun gure lurra

Astesantuko prozesiotan bezala, bata bestearen atzean, ilara luzeetan, ikusi barri dodazan piñu-kokoek, mendian gora haritza baino, piñuak -eta azken boladan eukaliptuak- janzten dauazala gure udalerri eta inguruetako mendi magal gehienak ekarri daustie gogora; hego-haizeak Durangaldetik dakarren kiratsak egurra papera egiteko erabiltzen dala gogorarazten daustan moduan. Kezkatuta ei dabiltza, gainera, paper fabrikak, ez ei dago eta fabrikon beharrizanari eusteko nahikoa egurrik, ez behintzat mozteko modukorik.


Matarrasaz bota dabe etxe aurreko magalean dagoen piñudia, mozteko modukoa, nonbait. Eta egurra barriztagarria ei bada be, malda handietan dagozan pinudiak, behin eta berriz, matarrasaz, bota ostean, lurrak zenbateraino diran barriztagarriak, eta, halako batean, bertoko basoari eusteko gai eta diran, hori da daukadan kezka. Ez baita piñua bakarrik mendiak galtzen dauana halako mendi-lanen ostean; halan balitz, gaitzerdi. Lurra da be, holakoetan, zerk eutsi ez eta, maldan behera galtzen dana, eta asko!
Landareen euskarri eta eurentzako elikagaien iturri baino zeozer gehiago da lurra; milioika espezieren bizileku be bada. Zeregin ugari, garrantzitsu eta pentsaezinak daukiezan espezie guzti horreek galtzen dira matarrasaren eraginez, eta, asko jota, hogeita hamar bat urte behar izango badabe pinuok hazteko, milaka urte bertako lurrak garatzeko.
Egia esan, puntu honetan, eztabaida ez da piñua edo haritza; egurra ataratzeko darabilgun ustiaketa modua bera baino. Sakonean, ordea, garapen iraunkor edo jasangarriz mozorrotuta erakusten dauskuen produkzio-sistema honetan legoke eztabaida; etekin ekonomiko handienak lortzeko landatzen baitira piñu eta eukaliptuak, eta baita matarrasaz bota be, bost axola kalteak eta iraunkortasuna.