Zaintza partekatua: zer dago aldarrikapen honen atzean?

Bea Ilardia abokatua

Bea Ilardia abokatua

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako guraso bananduen elkarteak, Kidetzak, ekarri zuen eztabaida gurera, gurasoak banatzean eta haurren zaintzaren inguruan ados jartzen ez direnean erabaki judizialak gidatzen dituen legea aldatzea proposatuz.

Zaintza partekatuaren aldeko ekimen gisa aurkeztu zute lege-aldaketa, gizon-emakumeen arteko erantzunkidetasuna sustatuko lukeena, emakumeentzat askatzailea, nolabait. Sozialki, diskurtso-mailan, oso onartuta dauden kontzeptuak erabili zituzten, azken finean.

Berdintasunaren inguruan asko predikatzen da, baina ez da hainbeste praktikatzen, ordea. Gaur egun haurren zaintza partekatua gehiago da helburu desiragarri bat errealitatea baino. Etxeko lanek eta haurren zaintzak emakumeen ardura izaten jarraitzen dute nagusiki; emakumeak dira haurrak zaintzeko lanaldia murrizten dutenak (%93) eta eszedentziak hartzen dituztenak (%95). Gehienok, hortaz, ondo ikasi dugu berdintasunaren aldeko diskurtsoa baina praktikak ez ditugu hainbeste aldatu. Haurren zaintza partekatua helburu bat da guretzat; hala izatea nahi dugu haurrak jaiotzen diren unetik; eta horrek aldaketa sakonak eskatzen dizkigu. Lagunduko luke gurasotasun-baimenak parekatzeak eta gizonen lanaldi-murrizketak eta eszedentziak sustatzeak, besteak beste.

Azkenean, Legebiltzarrak onartu dauen lege-aldaketa honetan, ordea, ez da honelako neurriez hitz egiten, gurasoen banantze-unean jartzen baita arreta. Eta arazoa da gurasoak banantzen diren unea ez dela abiapuntua. Erantzunkidetasuna eta haurren zaintza partekatua haurrak jaiotzen diren unetik jarri behar ditugu praktikan.

Zaintza partekatuaren banderapean aurkeztu ziguten legea aldatzeko proposamena ez da, hortaz, gizon-emakumeen erantzunkidetasuna sustatzeko lege bat; baina hala izan beharko luke? Guk argi dugu gurasoak banantzen direnean eta haien artean haurren zaintzarekin nola jarraitu adosten ez dutenean, epaitegietan gailendu beharreko irizpideak haurren ongizatea babestea behar duela izan. Zaintza-mota edozein delarik ere, zaintza arduratsua bermatu behar da, haurrak ondo zainduta egongo direla ziurtatu. Horregatik, legeak babestu beharko lukeena haurren ongizatea eta interes gorena delako, lege aldaketa berri hau ezin da ulertu berdintasun-politika bat bezala. Horretarako bestelako politikak egin behar dira, lehen aipatu bezala, sakoneko aldaketa sozialak ekar ditzaketenak.

Bestalde, garrantzitsua da ezagutzea zaintza partekatuaren izenburupean onartu berri den lege-aldaketan zer aldaketa onartu den zehazki. Lehenengo aldaketa eta ezagunena judizialki zaintza partekatua arau orokor/nagusi gisa ezartzea da, hau da, gurasoak banatzean ados jartzen ez badira, zaintza partekatua izatea judizialki lehenetsiko den zaintza-mota, haurrentzat zaintza-motarik egokiena dela pentsatuta.

Baina existitzen al da konponbide idealik? Guk uste dugu ezetz. Haurren ongizatea babestu behar bada, ezin da zaintza-mota bat besteen gainetik jarri, banakako konponbideak bilatzea eskatzen duelako. Aukera guztiak jarri behar dira mahai gainean, kasu bakoitza aztertu eta haur bakoitzarentzat egokiena izango den konponbidearen alde egin. Kasu batzuetan izango da zaintza partekatua eta beste batzuetan ez.

Onartu berri den legearen bigarren aldaketa nagusia baina ezezagunagoa: familia-etxebizitza erabiltzeko eskubidea emateko orduan, seme-alaben zaintza duen bikotekidea “lehenetsiko” du epaileak, baina zaintza ez duen bikotekideari ere eman ahal dio, “honek etxebizitza eskuratzeko zailtasunak baditu eta beste kideak seme-alaben beharrizanei aurre egiteko baliabide nahikoa, betiere adingabearen interesak errespetatuta” eta nolanahi ere, etxebizitzaren erabileraren erabakia denbora baterako bakarrik izango da, eta gehienez bi urtez luzatu ahalko da.

Aldaketa honek haurren ongizatea sakrifikatzen du, haurrak edo behar gehien duen pertsonak familia-etxebizitza erabiltzeko eskubidea galduko bailuke.

Azkenik Legebiltzarrean onartu ez bada ere, Kidetzak beste bi proposamen nagusi aurkeztu zituen lege moldaketarako, zaintza partekatua lehenestearekin batera, agerian jartzen zutena lege-aldaketaren atzean zaintzaren inguruko motibazioaz haragoko interesak ere bazeudela, lehena gurasoek haurrei ziurtatu beharreko elikadura-pentsioak ezabatzea edo murriztea eta bigarren bat: indarkeria matxistarekin erlazionatutako salaketak eta kondenak arrazoi nahikoa ez izatea aitei haurren zaintza ukatzeko. Emakume bati tratu txarrak ematen dizkion gizona aita ona izan daitekeela defendatzen zutelako baina, batez ere, emakumeek gizonei kalte egiteko salaketa faltsuak jartzen dituztela argudiatzen zutelako, gizonak emakumeen biktima bihurtuz. Indarkeria matxista existitzen dela ukatzea ezinezkoa zitzaienez, salaketa gehienak faltsuak direnaren ideia zabaldu nahi zuten zalantzak sortzeko. Emakumeen sinesgarritasuna zalantzan jarrita, erraza da salaketa guztien gaineko mesfidantza sortzea.

Salaketa faltsuen mitoa indartzen saiatzen ari dira, oraindik ere tratu txarrak gehienetan isilean geratzen direnean. Emakumeek horietatik alde egiteko daukaten bide bakarretako bat bikotearengandik banantzea eta askok hala egiten dute, gehienetan tratu txarrak aipatu ere egin gabe. Baina indarkeria salatuta ere, salaketa faltsuen ustea indartzen ari den honetan, gero eta gehiago ukatzen zaizkie babes-neurriak eta, edozein modutan, urruntze-agindua duten aiten %97ak bisita-baimena daukate. Haur hauek sekulako arriskuan egon arren, gaur egun ez gara horretaz eztabaidatzen ari. Eztabaida ez da nola bermatu haurren segurtasuna, baizik eta nola aldatu legeak aiten eskubideak bermatzeko.

Izan ere, proposamen honen abiapuntuan zegoen ideia zen gizonak emakumeen eta sistema judizial injustu baten biktima direla, epaitegietan haurren zaintza amei ematen zaielako gehien bat. Esan gabe geratzen dena da azken datuen arabera aita gehienek (%92k) ez dutela haurren zaintza eskatzen (ezinbesteko baldintza zaintza emateko) eta zaintza gehienak amei ezartzea banandu aurreko egoeraren isla ere badela neurri handi batean.

Zaintza partekatuaren izenburupean aurkeztutako proposamen honek pertsona ezagun askoren babesa jaso zuen,baita milaka herritarren sinadurak ere. Batetik, proposamena aurkeztu zutelako ez zen gauza bat bezala: haurren zaintza partekatuaren aldeko proposamena, gizon-emakumeen erantzunkidetasuna bultzatuko zuena.

Proposamena mozorrotu zuten sozialki desiragarria zaigun aldarrikapen batekin. Bestetik, proposamenaren oinarrian zegoen ideologia oso barneratuta daukagu eta onarpen sozial zabala dauka oraindik ere: emakumeak banantze-prozesuen onuradun gisa ikusten ditugu, pobrezia-datuek kontrakoa adierazten badute ere, gizonaren ondoan irabazle ateratzen direnak, gizonak “larrutzen” dituztenak eta, gizonak, berriz, emakumeen gezurren eta manipulazioen biktimak.

Patriarkatuaren ideologiari erantzuten dio, azken finean, eta gizon-emakumeen arteko botere-harremanak ukatzeaz gainera, mundua alderantziz aurkezten digu, emakumeak onuradunak balira bezala. Era berean, patriarkatuaren zutabe nagusia den familiak, familia nuklear heterosexualak, guztiaren oinarrian egon behar duela ere defendatzen du, azken finean, haurrentzat beti onena aitarekin eta amarekin egotea dela, onean eta txarrean.

(BEA ILARDIA ABOKATUAREN IRITZI ARTIKULUA)