Zaintzaileak zaindu

Silvia Federici ekintzaile marxista feministaren iritziz, gizarte kapitalistan langile guztiak zeuden zapalduta, baina berarentzat argi zegoen emakumeen kasuan bazegoela zapalkuntza gehigarri bat. Erreprodukzio- lana, zaintza lana eta etxeko lanak ziren zapalkuntza horren arrazoietako bat.

70. hamarkadan feminista erradikalek uste zuten patriarkatua zela emakumeen zapalkuntzaren iturria, eta iruditzen zitzaien patriarkatua ez zela sistema ekonomiko bat, baizik eta aroz aro iraun duen kultur sistema bat.

Erreprodukzio lana ez zen kapitalismotik at zegoen lan bat, baizik eta kapitalismoaren lan-antolamenduaren oinarri-oinarria, gainerako lan mota guztiak posible egiten dituen jarduna. Klase kapitalistak lan ikusezin eta ez-ordaindu gisa ezarri behar izan zuena, osterantzean, ezin izango baitzuen hainbeste ondasun pilatu.

Federiciren arabera, zaintza lanak oraindik emakumearen gain geratzen dira eta gehiena emakume etorkinek egiten dute, baldintza beldurgarrietan. Politika zinikoa dute gobernuek; immigrazio eskubideak murriztu dituzte, emakumeen lana are gehiago esplotatu ahal izateko. Paperik gabe datorren emakumeak edozein motatako lanpostuak onartu beharko ditu, eskubide gehiago baleuzka, onartuko ez lituzkeenak.

Federiciren ustez, erreprodukzio lanak berrantolatu behar ditugu, orain arte oso bakartzaileak izan dira emakumeentzat: etxean bakarrik jardun dute, baliabide gutxirekin eta ondorioz, krisi guztiei bakarrik aurre egin diete. Erreprodukzioa da emakumeak esplotatzeko oinarrizko eremua, eta gainera, eremu horretan harrapatzen gaituzte lehenbizikoz harreman kapitalistek, eremu horretan hasten gara bizitzaren ikuspegi kapitalista xurgatzen.

Gizartea aldatzeko ezinbestekoa da erreprodukzioa aldatzea: nola erreproduzitzen duzun zure burua, halakoxe politika egingo duzu.