Zalantzak

Etxetik kanpo, birritan pentsatu gabe, zer afaldu nahi dutenak daude eta bokata eskatu baino lehen tabernako karta hamasei aldiz irakurri dutenak ere bai. Erabakiak hartzeko erraztasuna dutenak, mendia ala itsasoa galdetuz gero, jarraian, zalantza zipitzik gabe erantzuna ematen dutenak; eta horren aurrean, mendia edo itsasoa galdetuz gero erantzunik gabe geratzen direnak ere bai.

Pausu eta erabaki firmez aurrera egiten dutenak, erratu zein ez seguru dabiltzanak, behin hartu beharreko erabakia hartuta horrekin aurrera egiten dutenak. Eta hauen ondoan, zalantzaz beteriko erabakiak hartu eta erabakiaren egokitasunaren inguruan ere zalantza egin, eta ondorioetan pentsatzen hasi eta izango dituen ondorioak zalantzan jarri, eta erabakia deserabakitzen hasi eta deserabakiaren zalantza egiten dutenak ere egon badaude, bagaude.

Azken denboraldi hau gainera, arauz eta zalantzez bete zaigu, eta arauen egokitasunen
zalantzez ere bai. Musukoaren egokitasunaren zalantza, behartutako arauen
efektibitatearen zalantza, norbanakoon jarreren zalantza, txertoaren zalantza, batzuek virusa existitzen den edo ez ere zalantza, hemendik aurrera nola egongo garen zalantza, noizbait lehengora bueltatuko garen zalantza…

Eta azken aldian, zalantzatia izanda ere, inoiz baino zalantza gutxiago egiten dut afaria
eskatzerako orduan edo mendia erantzuterako orduan. Zalantza batzuk gutxitu zaizkit, eta seguru dakidana da, hemendik aurrea ere, aberatsak aberatsago eta pobreak pobreago izaten jarraituko dugula, goizaldeko ordu batean garbigailuak jartzen eta soldata emozionalaz gozatzen.