Zaldi zoroa, memoria poetikoa

Inork ez dugu hautatzen geure sorlekua. Halaber, leku zehatz baten erditzen dute emakumeek eta horri lurraldea deitzen diogu. Lurra, izadia, edertasunaren arragoa edota odolaren mintzoa izan daitekeena, aldi berean.

Lurra modu metaforikoan hartu daiteke, haustarria bezala, eguneroko ñabardurak lantzeko, edo gudaleku, non, gizaldiz gizaldi, geure ezberdintasunak konpontzeko sortu eta erabili dugun agora. Lurra zuten egonleku eta bizibide antigoaleko indiarrak. Hesi gabeko lurrak; bizirauteko elikagaia non, gogoa han.

Ipar ameriketako indiarrei edo Lehenengo Nazioei buruz ari natzaizue, Jaengo kartzelan gatibu dagoen Aitor Fresnedo Gerrikabeitiak euskarara ekarri baitu siouxen buruzagi haundia izan zen Zaldi Zororen biografia. Egun batean bizibide zituzten lur eremuetatik igarotzen zen saltzaile batek itaundu zionean ea non zeuden bere lurraldeak, Zaldi Zorok, begirada hodeiertzean jarriz, erantzun zion: “Nere hildakoak atseden hartzen duten horretan diraute nere lurrak”.

Hemendik egun gutxi barru betetzen da urteurren bat, zehazki 1876ko ekainaren 25ean, non garaile atera ziren Lehenengo Nazioak Custer generala garaituz, hain izen handia hartu zuen Little Bighorn-eko gudaldian. Bertan egon zen Zaldi Zoro, beste buruzagi batzuekin. Zaldi Zorok guda irrintzi bat zuen: Hoka Hey; hau da, “gaur, hiltzeko, egun aproposa da”.

Nonbait irakurri nuen iragana berreskuratzean badagoela zerbait asebetetzen gaituena. Honi, Milan Kundera idazle txekiarrak “memoria poetikoa” deitu zion: Hunkitu gaituen hori erregistratzea.
Zergatik da hain garrantzitsua guretzat norbait hiltzen den tokia? Akaso, mina dagoen lekua sakratutzat hartzen dugulako? Seguruenez, interpretazioak modu subjektiboan egiten direnez, bakoitzak bereak izango ditu.

Lurrari atxikita gaude mundura gatozen unetik. Euskaldunok ondotxo dakigu hori, antigoalean piztu zen gatazka politikoak oraindik bizi-bizirik dirauelako. “Gora Euskadi” oihu egiten dugu. Klandestinitatea eta borroka sinbolizatzen ditu. Jendea Euskadigatik hil da eta hil du. Gure historia hori da, eusko lurra eta lurraren azalean odola ere mintzo zaigu.

Gaur 36 urte betetzen dira Juan Luis Lekuona Elorriaga, Katu, eta Agustin Arregi Perurena, Txuria, hilik suertatu zirenetik. Hernani borroka lur eremu bilakatu zen goizeko ordu txikietan guardia zibilak herria hartu zuenean ETAko talde bat atxilotzeko asmoz. Militanteek bizileku zuten etxea sutan jarri zuten armamentu desberdinak erabiliz. Geroago kiskalita zeuden gorpuak aurkitu zituzten.

Urte batzuk geroago, 1990ko ekainaren 25an, Little Bighorn-eko gudatik 144 urte igaro zirenean, Nafarroan, Irunberriko arroilan eta torturatu ondoren, hilik agertu ziren Susana Arregi Maiztegi eta Jon Lizarralde Urreta lur emankorrak zeharkatzen dituen Salazar ibaiaren magalean.

Beste behin ere lur azalean odolaren mintzoak interpelatzen gaitu, antigoalean piztutako suak bere horretan segitzen duelako. Lurrean identitatearen sustraiak hartzen dute atseden. Memoria poetikoa dei diezaiokegu erregistro horri, gara izan zirelako, lurraren azalean atseden hartuz amesten zutelako, nahiz odolak ere bere mintzoa adierazi lurra jokaleku zein liskar eremu bilakatzen denean.