Zapatourra

Unai-OrmaetxeaEz al da korrika gure Zapatour pertsonala?! Badator eta badoa, baina gurean da beti. Akaso gure buruetan, edo hobe esanda, jarreretan ez dagoena, urte biro ematen den lekukoaren eskuz eskuko transmisioa da. Transmisio literal hori -pausoz pauso- gainerakoan narras ematen dugula alegia. Norberarengandik hasita ez pentsa!

Sarrik zioen euskara dela gure territorio libre bakarra baina, ezta hori ere, transmisio txalogarririk eman ezean -momentu gogorrenetan batez ere- ezin izango zelako!! Akaso ametsa baino ez da denon territorio libre bakarra, ta euskaldunon zeinu gorena, tribu guztiena bezala ama hizkuntza bada, gure etniak irauteko lubakiak sortu beharrean aurkitu gara. Gure izateak iraun dezan, baina iraun baino, bizi dadin!! Iraunetik bizirako bidea da korrikaren ibilbidea.

Nik ez dut euskara salbu ikusi nahi, eskoletan ikusten dudan moduan, museo txiki bana baino ez izateko. Nik bizirik ikusi nahi dut. Funtzionaltasuna izan dezala, bestela trofeo bat baino ez da izango, ta Europako hizkuntza bizi zaharrena horrela ikustea penagarria litzake oso. ´X´ altxor-misterio zirraragarri hori erabilera barik ikustea tranbia zahar triste bat geldi ikustea litzateke. Non eta hemen, hain zuzen hizkuntzari esker, Txepetxek esango lukeen lez; gizadiaren haurtzaroan, Europako herri zaharrenean. Erdararekiko simetria joko bat egiteraino; dana=nada. Daukagun zortea ikustetik ezer ez ikusterainoko aldea dago bertan.

Hizkuntzan dago nazio baten arbola genealogikoa, gu gara etorkizunaren guraso eta iraganaren seme-alabak. Gu gara Europako altxorrik ederrenaren jabe. Eta ez dira alperrik egin gure jantzia eder eta garaiko ikusi aldera egin eraberritze guztiak. Beraz erabiltzen ez duten horiei -lehengo konplexu txatxu zein normalak diren ohitura kontuengatik kasu- Txomin Artolak zioen lez, zera esango nieke; ‘euskara zabalduaz lau haizetara zabalago egiten gara’.

Zail dago lauzpabosteko batek baino ez darabilenean, baina egun jakin, bostetik lauk dakite. Kalean dago erantzuna, eta kalea da gure gauzatze eremua. Eskoletako haziak ezin dira orube bihurtu kalean!! Laborategiak antzuak dira irtenbiderik ezean!! Aiiiiiiiiii, zeinen finak eta zeinen askaezinak diren ohituraren hariak!!!

Izan gaitezen gure kriseilu, herriaren argi, hala izaki kontseiluen beharrik ere ez delako egongo!! Aberrien beharrik ez legokeen gisan herriak baleude.

Maita, maita ama egiten da, euskara egin egin behar da!!

Urruti gaude baina nik amestutako herritik!! Neure lana adibide. Euskarazko ahozkotasuna bultzatzeko bertsolaritza klaseak ematen ditut erdal guneetan batik bat, eta ikasleak ‘cinco, cuatro,tres,dos,uno…’esanez adierazten dute klase bukaera. Txirrinak beti jotzen du gainera!! Egin kontu, tesia azaltzeak luze joko lidake ta.

Nire bihotza orduan, hur jausi bihurtzen da ordu oso baten ostean, non nintzena, gorantz begira, beherantz irristatzen den!!

Korrika dator eta badoa, hala bedi beti!! Jadanik 40.000km bete ditu hastapenetatik, eta zera esan nahi du: eman diogu munduari bira. Eskuz esku, pausoz pauso, denon artean mundu bat daukagu. Zenbat ‘Marcos’?! Gora zuek, eguneroko leunean darabilzuenok.

Izan gaitezen eguzki beraren azpian denbora gehiegi etzaten diren sugeak baino azkarragoak! Ta jarrai dezala Anderrek ‘arpelik’, Aitorrek ‘intxaron’, zein Olatzek ‘kanporamartxo’ esaten, horrela, guretik gurera ibiliko baikara, geure mundua sortzen piratok!