Zein da Gorka Palacios presoaren egoera?

Irantzu, Gorka eta Naia espetxean.

Gorka Palacios durangarrak 14 urte daramatza kartzelan, Saint Maurreko espetxean (638 km). Datorren urtean beteko du Frantzian ezarritako zigorra, baina oso litekeena da Parisek Auzitegi Nazionalaren esku uztea eta Espainian berriro kartzelan sartzea. Irantzu Zabala zornotzarra da Gorkaren bikotea. Alaba bat dute: Naia. Gorka preso dagoen urte luzeetan, sakabanaketa politika Irantzu eta Naiaren bizimodua baldintzatzen ari da. Hemen dituzue Gorkak, Irantzuk eta Naiak bizi duten egoera gordinari buruzko datuak.

 

Gorka Palacios Aldai durangarra 1974ko urriaren 17an jaio zen. 43 urte ditu eta 20 urte daramatza etxetik kanpo.

2003ko abenduaren 9an atxilotu zuten Pauetik gertu, Frantzian. 14 urte egin ditu jada kartzelan.

2008ko azaroan epaitu zuten Frantzian. Ordura arte behin-behineko espetxealdian egon zen Fleury Merogiseko presondegian.

2010ean Espainiaren esku utzi zituen, Auzitegi Nazionalean epaitua izateko. Hasiera batean sei hilabeterako entregatu bazuten ere, ia bi urte (22 hilabete) eman zituen Soto del Real eta Estremerako espetxeetan isolamenduko erregimenean.

2012ean Frantziara eraman zuten berriro; oraingoan Saint Maurreko espetxean sartu zuten. Bertan 18 hilabete egin ondoren, Espainiara entregatu zuten berriz ere epaitua izateko. Urtebete eman zuen Soto del Real, Valdemoro eta Ocaña I kartzelatan sakabanatuta.

2013an berriro eraman zuten Saint Maurreko espetxera, eta bertan jarraitzen du gaur egun.

2018an beteko du Frantzian ezarri zioten zigorra, baina Espainiara entregatua izateko arriskua dago, Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa ezberdinetan ezarritako zigorra bete dezan: 30 urteko espetxe-zigorra, hain zuzen ere.

Espetxealdi luze honetan guztian, sei gose greba burutu ditu eta hainbat eta hainbat planto, “txapeo” eta bestelako borrokak egin ditu, berak eta gainerako euskal presoek espetxeetan pairatzen dituzten salbuespeneko egoerak salatzeko.

Espainian epaiketengatik emandako denbora kontutan izan gabe, Frantzian emandako espetxealdi luze honetan, bere senide eta lagunek amaigabeko kilometroak egin dituzte errepidean Gorka bisitatzeko: Fleury Merogiseko presondegia 884 kilometrora dago eta Saint Maurrekoa 638 kilometrora.

2003tik 2010era, Irantzu Zabala bikoteak hamabostean behin izaten zituen bisitak. 2010az geroztik, hilabetean behin ikus dezake Gorka.

Bai Frantzian eta bai Espainian, bisita bakoitzeko bataz besteko kostua 250-300 eurokoa da. Azkeneko 14 urteak espetxean eman dituela kontutan izanda, pentsa zer nolako gastu ekonomikoa izan duten Gorkaren senide eta lagunek…

Irantzuk Gorkaren espetxealdiaren inguruan antolatu behar izan du bere bizitza. Are gehiago, 2009ko abuztuaren 17an Naia alabatxoa jaio zenetik.

Naia motxiladun umea da, ez du bere aita aske ezagutu eta hilero joaten da kartzelara aita bisitatzera. Sei urte bete arte, amarekin eta amamarekin batera bidatzen zuen. Egun, amarekin joaten da.

Hilean bi eskola egun galtzen ditu Naiak aita bisitatzeagatik, eta bere bizitza zeharo baldintzatuta dago, are gehiago handitzen doan heinean: ikastaroak, lagunak…

Irantzu eta bere senideak ahalegintzen dira, aitaren espetxealdiak ahalik eta gutxien eragin diezaion Naiari, baina ezinezkoa da.

Naiak, Irantzuk eta bere senide eta lagunek, Gorka etxean nahi eta behar dute.