Zein da Sebas Lasa presoaren egoera?

Amaia eta Amets, Sebasen argazkia eusten.

Sebas Lasa donostiarrak ia 20 urte daramatza preso. Egun Villenako espetxean dago, Alacanten. Urte luze horietan hainbat gose greba egin ditu eta jipoiak, mehatxuak eta jazarpenak pairatu ditu. Amaia Sarrionandia zornotzarra da haren bikotea eta hiru urteko semea dute: Amets. Dispertsioaren ondorioz, azken 20 urteotan ia hamabostean behin izan da errepidean Amaia, eta bi istripu izan ditu kartzelara bidean. Hona hemen Sebasen, Amaiaren eta Ametsen egoerari buruzko informazioa.

 

Sebas Lasa Mendiaraz Donostian jaio zen 1974ko apirilaren 12an.

1998ko maiatzaren 2ko gauean atxilotu zuten Loiola inguruan.

Torturak salatu zituen eta 2001eko maiatzean, torturen epaiketa egin zen Donostiako epaitegian.  Beste behin ere torturatzaileak libre geratu ziren.

1998ko maiatzean Carabanchelen sartu zuten eta bertan egon zen urte bereko abuztura arte, ihesaldi saiakera baten ondorioz Valdemorora eraman zuten arte.

Valdemoron 2000. urtean EPPK-k egindako txandakako gose greban 50 egun inguru egin zituen jan gabe eta azken egunak erizaindegian eman zituen ezertarako indarrik ez zuelako. Urte horretako urrian, oraindik prebentibo egon narren, Albaceteko espetxera eraman zuten. Bertan, 2007ko uztailera arte egon zen.

Zazpi urte eman zituen preso sozialekin bakartua, kideak bisitetan baino ikusten ez zituelarik. 2004an Madrileko martxoaren 11ko atentatua gertatu eta gero, preso sozial batzuk Txus del Vado preso politikoa mehatxatu eta “pintxoa” sartzen saiatu ostean, beste gose greba bateri ekin zion espetxe bereko beste kideekin batera. Sebasek 30 egun inguru eman zituen jan gabe.

Sebas, makurtuta. Espetxean egindako argazkia.

2007ko uztailean Almeriara eraman zuten, eta handik 2009ko ekainean Puerto Iera. Azken honetan funtzionarioen jazarpena izan zuen. Oheko malgukidun somierrera bota eta hiruren artean jipoitu zuten. Horren aurrean gose greba egiteari ekin zion. Hamar bat egun eta gero baraualdia utzi zuen, orduan, Puerto IIIra eraman zuten.

Puerto IIIan eduki zuten 2012ko otsailera arte. Azken hileak Arkaitz Bellonekin egin zituen. Funtzionario batzuekin liskarra izan ondoren, Sebas Huelvara eraman zuten eta Arkaitz Sevillara. Denbora batera Arkaitz Puerto Iera eraman zuten eta bertan dispertsioak hil zuen.

Huelvan Sebas jipoitzearekin mehatxatu zuten. Tentsio handiko egoera bizi izan zuen bertan, bizimodua ez zen batere samurra izan, ez berarentzat ez eta senide eta lagunentzat.

2016ko abendutik Alacanteko Villenako presondegian daukate eta ia 20 urte eta gero, lehen aldiz, isolamendu modulutik kanpora.

Amaiak eta Sebasek  1998an ezagutu zuten elkar Carabancheleko espetxean. Amaia kalera atera zenean bisita eskatu zuen, baina preso ohia zenez ez zioten onartu. Azkenean oztopo askoren ostean, lortu zuten.

Azken 20 urte hauetan elkarrekin egin duten ibilbidea ez da batere samurra izan. Espetxe aldaketarekin borroka berri bat, paketea sartzeko, bisita egiteko…. Gauzak horrela, eta egoera gero eta txarragoa zela ikusita 2010ean ezkontzea erabaki zuten.

Azken 20 urte hauetan, Amaiak ia hamabostero bidean egon da eta bi istripu izan ditu. Beti ahal izan duenean, Etxeraten autobusetan edo Mirentxinen furgonetetan bidaiatu du, horrela bidaiatzeak dispertsioaren pisua izugarri arintzen duelako.

Espetxeak gauza larregi kendu dizkie, baina ez ama eta aita izateko asmoa. Horrela, 2014ko otsailaren 23an Amets jaio zen, motxiladun umea. Hura jaiotzean, Sebas etxera ekarri zuten eta ordubete eskas utzi zieten elkarrekin egoteko.

Orduan bestelako beldurrak hasi ziren, umearekin horren bidai luzeak egitea alegia. Beti istripuen beldur, beti beldurtuta…. Hala ere pixkanaka gainditu dute oztopo hori ere.