Zelaietako aparkalekuen erabilpen publikoa bultzatuko du EH Bilduk

zelaieta-parkinaZornotzan aparkatzeko dauden arazoak konpontzeko lanei jarraipena eman asmoz, datorren legegintzaldiari begira, Zelaietako lurrazpiko aparkalekuak, «edo hauen zati bat», erabilpen publikora bueltatzea aldarrikatu du Euskal Herria Bildu koalizioak.

 

2011-2015 legealdian aparkatzeko arazoei aurre egitea izan da Zornotzako EH Bildurentzat helburu nagusietako bat.

Denbora horretan, herrian aparkaleku arazorik ez zegoela argudiatuta, EAJk proposamen guztiei ezezkoa eman diela azpimarratu du koalizioak. Herritarren zein merkatarien lanari esker, hala ere, «denon artean lortu ditugu hain beharrezko genituen aparkaleku publikoak: Azpiri, Betarragane eta Nafarroa Zentrokoak».

Egindakoarekin pozik agertu diren arren, oraindik zer egiterik badela uste du EH Bilduk eta, bide horretan, datorren legegintzaldirako erronketako bat finkatu du: «Zelaietako aparkalekuak, edo hauen zati bat, erabilpen publikora bueltatzea».

Izan ere, gogoratu dute «hasieratik polemikoa» izan zela proiektu hura, «herritar askoren iritziaren kontra» egin zelako (4.000 sinadura bildu ziren), «herri partaidetzarik gabe lurzoru publikoa pribatizatu» zelako.

Erronka hori lortzeko, herritar zein dendarien ekarpenak aintzat hartzen jarraitzeko prestutasuna agertu du EH Bilduk.