Zergatik ezabatzen ditu Udalak Martz artista zornotzarren irudiak?

EAJren Udal Gobernuak aginduta, badira hilabete batzuk Martz artista zornotzarraren grafitiak gure herriko kaleetako hormetatik ezabatzen hasi zirela. Zergatik? Zertarako? Nori egiten zaio kalte horma gris bat kolorez jantzita?

EH Bilduk uste du adierazpen askatasunaren aurkako eraso baten aurrean gaudela eta hala jakinarazi genion Udal Gobernuari joan den martxoaren 18an.

Beti aldarrikatu dugu adierazpen askatasuna eta, ondorioz, Amorebieta-Etxanon egindako obra artistikoak beti babestu izan ditugu, gustu pertsonalak albo batean utzita.

Horrela, bada, ez gaude ados herriko hormetan egindako irudiak ezabatzearekin, marrazketa horiek ez baitira inoren aurkakoak, ezta ezeren aurkakoak ere.

Halaber, kontuan izan behar da ez direla bat-batean egindako obrak. Denbora eta lanketa handia eskatzen dute. Sormen maila altuko lanak dira; sarri, gogoetarako balio dutenak.

Ildo berean, herri “polita” izatearen kultura hain errotuta dagoen pentsamoldeari ekarpena egiten dioten adierazpen artistikoak direla uste dugu, gure inguruari beste bizitasun bat emanda.

Hori guztia kontuan izanda, eta horma edo fatxada horien jabeek salaketarik jarri ez badute, zergatik ezabatzen ditu Udalak irudi horiek? Zergatik ez dira obra horiek dauden tokian uzten?

Adierazpen askatasunaren kontrako erasotzat eta zentsura saiakera gisa ulertzen ditugu ezabaketa horiek.

EH Bilduren babesa eta elkartasuna Martzel Nascimento grafitigileari eta, oro har, herriko arte-sortzaile guztiei.