Ziztada Gune Askea ez ixteko deia egin dute eragile ezberdinek

ZiztadaLuis Urrengoetxea kaleko lokala utzarazteko aginduaren aurrean, Ziztada Gune Askea bezalako proiektu eta toki alternatiboen beharra azpimarratu zuten eragile kultural eta mugimendu sozial ezberdinek. “Ziztada ez itxi!”, aldarrikatu zuten agerraldian.

Hona hemen Ziztada Gune Askearen oharra oso-osorik:

Erlearen ziztadak pozoia daroa

baina erlearen ziztadak, era berean,

hainbat gaixotasun sendatzen ditu.

Erleak eztena  du bere burua defendatzeko,

baina erlea, batez ere,  sortzailea da

ernegai dan hazia  zabaltzen, bizi berria sortzen

lorez lore dabil-eta,

Baina isurkari sendo eta goxo bat ere ematen du erleak,

eta horrekin eztitzen bazterrak.

Argia ere jasotzen dugu  berarengandik

argizaria  sortzen du-eta  abaraskan

Erlea bakarrik ez da inor, beti taldean ari da sortzen

Eta sortze lan itzel hori burutu ahal izateko erlauntza beharrezko du.

ZIZTADA GUNE ASKEA EZ ITXI!

Abenduan Ziztada ixteko agindua jaso eta gero, hemen elkartu garen sortzaile, musikari,  kultur eragile  eta mugimendu sozial ezberdinek  azpimarratu nahi dugu Ziztada gune askeak eskaintzen digun espazioa gure sorkuntza eta ideiak  plazaratzeko.

Beharrezko ikusten dugu espazio hau. Kapitalismoaren kontsumo kulturari eta kultura elitistari  aurre egiteko, sorkuntza eta kritikotasuna bultzatzeko, kultura alternatiboa eta mundu guztiaren eskura dagoena  sortzeko eta eskaintzeko.

Tapiaturik nahi dituzten ate eta leihoak zentzurik ez dutelako, gora ziztada! Gora erlauntzak! Gora gune okupatuak!