Ziztada Gune Askea: “Oso hitzaldi eta ikastaro interesgarriak antolatu ditugu, eta hori dena autogestioaren bitartez antolatzea lortu dugu”

2015-05-23 17.28.47 Urte bete igaro da zenbait zornotzarrek Luis Urrengoetxea kaleko eraikin bat okupatu zutenetik. Ziztada Gune Askea izenez ezaguna da gaur egun, eta bertan lanean eta parte hartzen dabiltzanek autogestioa dute bidelagun. Gune autogestionatua da eta horrela burutzen dituzte bertako ekintza guztiak. Urte bete honetan, salatuak, epaituak eta absolbituak izan dira. Herritarren babesa eta laguntza ere jaso dituzte, eta zornotzarrak proiektu honetan parte hartzera bultzatu nahi dituzte.

Urte bete igaro da Ziztada Gune Askea okupatu zenutenetik. Nola baloratzen duzue lehen urte honetan zehar egindako lana?

Lokala nahiko egoera txarrean zegoen, hamar urte baino gehiago itxita egon ostean: oso zikin, hoditeria apurtuta, itoginak eta arratoiez beteta . Horregatik, lehenengo hilabetean dena konpontzen egon ginen.

Urtebete honetan lana egin dugu, ekintza asko antolatu ditugu, hitzaldiak, ikastaroak, kontzertuak, etab. Hasierako asanbladak jendetsuak eta parte hartzaileak izan ziren eta denborarekin partaideen kopurua gutxitzen joan da.

Zuen aurreikuspenak bete dira?

Alde batetik, aurreikuspenak gainditu egin dira, pentsatzen duguna baino gehiago irauten ari garelako lokalean. Urte bete honetan esperientzia asko bizi izan ditugu eta oso aberasgarriak izan dira. Beste aldetik, jende gehiago hurbiltzea espero genuen, batez ere, gazteak, proiektuan parte hartzea eta antolatzen genuen ekintzetara ere herritar gehiago hurbiltzea.

IMG-20160309-WA0006Okupazioarekin batera, asanbladako kide batzuk auzipetuak izan zineten, eta martxoan kaleratu zuten epaian absolbituak ere. Nola bizi izan duzue prozesua?

Kezka apur batekin, ez genekielako isunak zenbaterainokoak izan ahalko ziren, eta lokalaren etorkizuna ere kolokan zegoelako. Gainera, epaiketaren kontua nahiko mingarria izan zen, izan ere, jabearen salaketa izateaz gain, zornotzar “jator” batek ere salaketa pertsonala jarri zuen gure kontra.

Absoluzioak indar gehiago eman al dizue aurrera jarraitzeko?

Bai, lasaitasuna, arnasa hartu genuen lokala ez zigutela itxiko eta gure proiektuak aurrera jarraituko zuela jakiterakoan.

Eta herriari dagokionez, nolakoa izan da herriak zuenganako izan duen erantzuna eta jarrera?

Orokorrean ona izan dela uste dugu. Esate baterako, auzokoen babesa eta laguntza izan dugu. Gainera, hitzaldi eta kontzertu batzuetan parte hartzea handia izan da. Hala ere, herritarrak etortzera animatu nahi ditugu . Oso hitzaldi eta ikastaro interesgarriak antolatu ditugu, eta hori dena autogestioaren bitartez antolatzea lortu dugu. Hurbildu den jendea oso pozik egon da eta beste ekimen batzuetan ere parte hartu du. Lotsa ematen dion jendea edo zalantzan dagoena animatu nahiko genuke, Ziztadako ekimenetan eta asanbladan ere parte hartzen, ostegunero 19:00etan biltzen gara.